Utrillo, Maurice
Frantses pintorea (Paris, 1883 - Dax, 1955). Suzanne Valadon pintorearen semea zen, eta Miguel Utrillo pintorearengandik hartu zuen abizena. Oso gazte zelarik erietxe batera eraman zuten alkoholismoa sendatzeko. Garai horretan ekin zion margotzeari eta eritegiko leihotik ikusten zituen ikuspegiak pintatzen hasi zen. Sisley eta Pissarro inpresionisten eragina izan zuen hasieran, baina 1907. urte inguruan inpresionisten eragina baztertu eta “garai zuria” (1907-1916) deitu zitzaion aldiari ekin zion. Garai honetan kolore zuria nagusi zuten 700-800 obra ondu zituen Utrillok. Handik aurrera kolore biziagoak erabiltzen hasi zen, eta amaren eragina nabaria den garai baten ondoren, heldutasun handia erakusten zuten ikuspegiak egin zituen. 1913. urtean lehen erakusketa egin zuen Eugène Blot galerian. Alkoholismoa zela eta, eritegietan egonaldi bat baino gehiago egin behar izan bazuen ere ospe handiko pintorea izan zen. 1934. urtean Lucie Valore pintorearekin ezkondu zen. Obrak: Impasse Cottin (1910), Rue Ravignan (1911), Place du Tertre (1911).