Utrecht
Herbehereetako erdi-mendebaleko hiria eta izen bereko herrialdeko (1.329 km2 eta 994.372 biztanle) hiriburua, Oude Rijn ibaiaren eta Amsterdam-Rin ubidearen artean. 231.271 biztanle. Unibertsitatea. Oso hiri ikusgarria da; alderik alde ubidez igaroa da. Monumentuen artean aipagarriak dira: katedral gotikoa (XIII-XVI. mendeetakoa), erromatarren garaiko San Pedro eliza, museoak eta liburutegiak. Industria gune (metalurgia, ehungintza, janari industria, zeramika) garrantzitsua. v Historia. Trajectum izeneko herrigune batean erromatarrek Albiobola gotorlekua eraiki zuten (K.a. 48. urtean), eta gotorleku honen inguruan sortu zen Utrecht-ko hiria. 780. urtean apezpikutegi baten egoitza izan zen. IX. mendean bikingoek su eman zioten, baina oso denbora laburrean berriro eraiki zuten hiria eta elizako gizonen gune garrantzitsu bihurtu zen. Merkataritzak eta industriak ere aurrerapen handia izan zuten; horrek liskarrak sortu zituen apezpikuaren eta burgesen artean. 1528an Herbehereen barnean sartu zen. 1559. urtetik aurrera artzapezpikutegi baten egoitza izan zen hiria. 1577an, espainiarren aurka matxinatu ondoren Orangeko etxearen esku geratu zen. 1579. urtean, Herbehereetako zazpi herrialdeak elkartuta, Utrecht-eko Batasuna izenpetu zen han.