Urrutia Blondel, Jorge
Txileko musikagilea eta irakaslea (La Serena, Coquimbo, 1905- 1981). H. Allende, N. Boulanger, P. Dukas eta P. Hindemith izan zituen irakasle. 1931. urtean Txileko kontserbatorio nazionaleko armonia irakasle izendatu zuten. Bizitza osoan aritu zen Txileko herri musika aztertzen. Musika idaztean, hala ere, askatasun handiz erabili zituen herri musikaren elementuak. Lan aipagarriak ditu: pianorako Tres coros infantiles de carácter chileno; Tonadas; Album para niños; kuarteto bat; trio bat fa minorrean; El guitarrón del diablo balleta; Pastoral de Alhué eta Estampas de Chile poema sinfonikoak; ahots eta pianorako Canciones de cuna; eta Tres poemas de Gabriela Mistral.