Uriarte, Jose Antonio
Bizkaitar idazle eta itzultzailea (Arrigorriaga, 1812 - Zarautz, 1869). 1829an frantziskotar sartu zen. Labastidan eta Bilbon egin zituen apaiz ikasketak. 1836an apaiz egin zen. Markinan eta Bermeon bizi izan zen batez ere. 1856an Bonaparte printzeak laguntzaile gisa hartu zuen. 1858an, Printzearen mandatuz, San Mateoren ebanjelioa itzuli zuen, Londresen argitaratu zena. Ondoren, Biblia osoaren gipuzkerazko itzulpena egiteko agindu zion printzeak, eta lehenengo hiru liburuak (Genesia, Exodoa, eta Levitikoa) argitaratuak izan ziren Biblia edo Testamentu zar eta berria Aita Fray Jose Antonio de Uriartec latiñezco Vulgatatic lembicico aldiz Guipuzcoaco euscarara itzulia izenburupean (1859), Duvoisinen itzulpenarekin aldi berean. Argitalpen osoa eten egin zen, ordea, nahiz eta Uriartek hamar urtetan lana bukatu zuen. Uriarterenak dira halaber: Marijaren illa edo Maijatzeco illa (1850), Jesus Sacramentaduari eta Ama Doncella Mariari Visitac (1856), Iturriagaren Elkarrizketak (1857), Marija Jangoicuaren Amac bere vijotz santu eta garbico Cofradijan sarturik dagozanai iracatzi ta consejuac (1862). Bestalde, aipatu Bibliaren itzulpen osoaz gainera, argitaratu gabeko lan asko utzi zuen, horien artean Poesía Bascongada. Dialecto vizcaíno izeneko kantu bilduma bat, ia gaur egun arte argirik ikusi ez duena. Gutun trukaketa jakingarria gordetzen da Uriarteren eta Bonaparte Printzearen artekoa.