Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urano

Astron. Eguzki sistemaren zazpigarren planeta (Eguzkirainoko batez besteko distantzia: 2.880 milioi km). 1781ean William Herschel astronomo ingelesak aurkitu zuen. Urano planeta erraldoien sailekoa da. Ekuatoreko diametroa 51.120 km-koa du; masa Lurrekoa baino 14,5 aldiz handiagoa, eta dentsitatea 1,27 g/cm3-koa. Gunea haitzez eta izotzez osatua da, antza, eta haren inguruan hidrogenoa, helioa eta metanoa ditu. Errotazio lastertasun handia du, 17 ordu eta 14 minututan bira bat egiten baitu ardatzaren inguruan orbitaren planoaren gainean etzanda ia (8° inguruko angelua); Eguzki sisteman horrelako kasu bakarra da. Bestalde, Eguzkiaren inguruko orbitak 84 urte eta 7,45 egun irauten du. Batez besteko tenperatura: -218 °C. 10 eraztun mehe (2-100 km zabal) ilun ditu inguruan. 15 satelite ditu, haietatik handienak (500/1.600 km arteko diametroa) Ariel, Umbriel, Titania, Oberon eta Miranda.