Los Arcos
Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria, Odron ibaiaren ezkerraldean (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean Etaiu eta Suruslada; ekialdean Doneztebe-Deio, Barbarin, Lukin eta Sesma; mendebalean Mues, Desoio, Sansol, El Busto eta Piedramillera; hegoaldean Elizagorria eta Mendabia. Garaiera, 444 m. 57,46 km2 eta 1.405 biztanle (urantziarrak). Odron ibaiak igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XVI. mendea baino lehen galdu zen euskara. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak, esparragoak; langileen % 34) eta industria (lantegi mekanikoak, zurgintza, janari industria; langileen % 30) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Ama Birjinaren jasokundearen parrokia eliza Errenazimentukoa grekoerromanikoa (XVI. mendean gotiko eran eraberritua), Kurnonion kokaleku erromatarraren arrastoak, Gaztelako Atea eta XVIII. mendeko udaletxe ohia. v Historia. 1175. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Urantziko herria. Urte horretan jaso zituen berezko foruak Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen eskutik. XIII. mendetik XIX. mendea arte gaztelu bat izan zen herriaren alboan den muinoan. 1463-1753 urteetan Gaztelako erresumaren mende egon zen. Independentziako gerra garaian frantsesek gotortu egin zuten Urantzia. Karlistadetan ere galera handiak jasan zituen Urantziak.