Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ur

(-r bakuna). iz. Isurkari koloregabea, usaingabea eta zaporegabea, ibaiak, aintzirak eta itsasoak betetzen dituena, hidrogeno eta oxigeno atomoez osatua (H2O). || Zukua. ◊ Egoskina. || Ur handi. Ibaia; ur sakona. Ur handitako arraina: eskarmentu handiko pertsona. || ur(-)ahi. Paperak-eta itsastekoa. || ur-bazter. Ur-bazterrean lasai eserita. || ur(-)emari. Ibai horrek ur emari handia du. || ur-etorri. Ur emaria. || ur(-)hegazkin. Uretan geldi daitekeena. || ur-jauzi. Niagarako ur-jauzietan. || ur-laster. Itsaslasterra. Kim. Molekula bakoitzean oxigeno atomo bati, lotura kobalente baten bidez, bi hidrogeno atomo loturik dituen konposatu kimikoa da ura. Ur molekula laua da baina ez lineala, 105 °C-ko angelua eratzen baitu, oxigenoaren elektroi pare askeek H-O loturako elektroia aldenarazten dutelako. Urak 100 °C-an irakiten du eta 0 °C-an izozten da atmosfera bakar baten presiopean. Dentsitate handiena (1g/cm3) 4 °C-ko tenperaturan hartzen du. Oso disolbatzaile ona da; bere pH-a neutroa da, 7 alegia, eta azido gisa jokatzen du baseen aurrean, eta base antzera berriz azidoen aurrean. Urak lurrazalaren % 75 inguru estaltzen du, eta hiru egoeratan agertzen da izadian: trinkoa (izotza eta elurra), isurkaria (itsasoa, antzirak, ibaiak eta lurpeko urak), eta gasa (airean disolbaturiko ur-lurruna). Molekula polarra da eta konposatu kimiko polar eta ionikoen disolbatzaile ona da.  v  Antzinatik hartu izan da ura gai oinarrizkoen eta nobleen gisa. K.a. V. mendeko Enpedokle greziar filosofilariaren teoriaren arabera, ura da munduaren osagarri diren lau oinarrizko elementuetako bat (airea, ura, sua eta lurra). XVIII. mendean eragin handia izan zuten uraren egituraren gainean Henry Cavendish ingeles kimikari eta fisikariak aurrenik, eta gerora Antoine Laurent de Lavoisier frantses kimikariak egin zituzten ikerkuntzek. Azken ikertzaile horrek egin zuen uraren lehen sintesia, eta baieztu zuen aurreneko aldiz bi gaiz, oxigenoz eta hidrogenoz, osatua dela.  v  Ur oxigenatua. Hidrogeno peroxidoa (H2O2).  v  Ur gogorra. Kontzentraturiko azido nitrikoa.  v  Ur astuna. Deuterio oxigenoa (D2O). Konposatua da, eta hidrogenoaren ordez deuterioa du. Ur arruntean izaten da, 1/5.000-ko proportzioan, eta izen hori ematen zaio ohikoa baino D2O portzentaia handiagoa duen urari. Erreaktore nuklearretan erabiltzen da moderadore gisa.  v  Ur biguna. Kaltzio eta magnesio gatz gutxi dituena.  v  Ur geza. Gatz gutxi duen ura, batik bat ibai, aintzira eta lurpekoa.  v Ur-lasterra. iz. Higitzen den ur masa. Ur-lasterrak kontinentekoak eta itsasokoak izan daitezke. Kontinentekoak etengabeak –ibaiak edo errekak– eta aldi batekoak –urtaroaren araberakoak– izan daitezke. Itsasoko eta ozeanoko ur-lasterrak horien azaleran edo barnean gertatzen diren higidura bertikalak eta horizontalak dira. Ozeanoetako azaleko ur-lasterrak aireak itsas azalean eragiten duen marruskaduraren ondorioz gertatzen dira. Higitzen hasi ondoren, ur masa handi horiek Coriolis-en indarraren eta ozeanoen eraketaren eragina jasaten dute; horren ondorioz ozeanoko urak zenbait kostaldetan pilatzeko joera du –ekialdeko kostetan Ipar Hemisferioan eta mendebalekoetan Hego Hemisferioan–, baina grabitateak orekatzen du ozeanoren maila orokorra, beste zenbait ur-laster sorraraziz. Ozeanoko ur-laster horiek eragin handia dute Lurreko kliman, itsasketa ere baldintzatzen dutelarik. Hauek dira garrantzitsuenak: Bengalakoa, Gulf Stream, Ekuatorekoa, Kuroshivo, Labrador, Ipar Atlantikokoa eta Perukoa edo Humboldt. Higidura bertikalak dentsitate desberdintasunak eragiten ditu, eta dentsitate desberdintasuna eguzkiaren berotze maila desberdinen ondorioz gertatzen da (ur hotza, dentsitate handiagokoa denez, behera joaten da, ur beroagoaren igoera eraginez). Hala berean ur-lasterrak gazitasun gutxiko aldeetatik gazitasun handiagokoetara aldatu ohi dira.