Untzue
Nafarroako erdialdeko udalerria (Orba ibarra, Erriberriko merindadea), izen bereko mendiaren hego-mendebalean (980 m). Unzué du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Tiebas-Muruartederreta eta Elortzibar; ekialdean, Elo eta Oloritz; mendebalean, Tiebas-Muruartederreta eta Biurrun-Olkotz; hegoaldean, Barasoain eta Oloritz. Garaiera, 670 m. 18,24 km2. 1999ko datuen arabera, 137 biztanle (untzuetarrak). Zidakos ibaiaren adarra den Artusia errekak igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende bukaeran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa) eta zurgintza dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da Erdi Aroko jatorria duen San Millan parrokia eliza (XVI. mendean berritua), Artederretako ermita eta hainbat etxe armarridun. v Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz bertako eliza. 1846. urtean bihurtu zen udalerri. Independentziako gerra garaian eta karlistadetan gudu gogorrak gertatu ziren herriaren inguruan.