Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ultzama

Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Alkotz, Arraitz-Orkin, Auza, Zenotz, Eltso, Eltzaburu, Gorrontz-Olano, Gerendiain, Ilarregi, Iraizotz, Suarbe, Larraintzar (herriburua), Lizaso eta Urritzola-Galain. 1999ko datuen arabera, 1.630 biztanle (ultzamarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 60. Gailur nagusiak iparraldean dira (Loikieta, 1.145 m). Arakil eta Ultzama ibaiek zeharkatzen dute Ultzamako harana iparralde hegoalde, paraleloan biak. Laborantza (garia, garagarra, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria ez da askorik garatu (janari industria, zurgintza, ehungintza). v Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Iozama, Utzama, Hutzama eta Ucama izenez. XII. mendean jaso zuen Ultzamako haranak, Antso VII.a Azkarra, Nafarroako erregearen eskutik, Leringo herriak zituen foru berberez gobernatzeko baimena. Gerra askotako lekuko izan dira ultzamarrak historian zehar: XVIII. mende bukaerako Konbentzioko gerra, XIX. mende hasierako Independentziako gerra eta XIX. mendeko gerra karlistak.