Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ukraina

(Izen ofiziala, Ukrainako Errepublika; Ukraineraz, Ukraina edo Ukrainska Respublika). Europako ekialdeko estatua. 603.700 km2 eta 45.994.287 biztanle (2008, ukrainarrak). Mugak: iparraldean, Bielorrusia eta Errusia; ekialdean, Errusia; hegoaldean, Itsaso Beltza eta Azov itsasoa; hego-mendebaldean, Errumania eta Moldavia; mendebaldean, Hungaria, Eslovakia eta Polonia. Hiriburua: Kiev. Hiri nagusiak: Kharkov, Dniepropetrovsk, Donetsk, Odesa, Zaporojie, Sebastopol. Hizkuntza ofiziala: ukrainera. Etniak: ukrainarrak, % 73,3; errusiarrak, % 21,1; juduak, % 1,6; bielorrusiarrak, % 0,8; besteak, % 3,2. Erlijio nagusia: kristau ortodoxoa. Dirua: hryvna.  v  Orografia eta hidrografia. Oso lurralde laua du Ukrainak, emankortasun handiko lur beltzak dituena, % 90ean ordokiz eta goratasun gutxiko goi-ordokiz osatua eta ibai askok ureztatua. Parterik handiena Europako sortaldeko ordokiari dagokio eta ipar-ekialdea, berriz, Errusiako erdialdeko goi-ordokiari. Hala, lurraldearen batez besteko goratasuna 175 m-koa da. Karpato mendiek hartzen dituzte, ordea, mendebaleko mugaren 240 km inguru, eta mendi horietan du, hain zuzen ere, Ukrainak gailurra, Goverla mendian (2.061 m). Hegoaldean Krimeako penintsula dago, Azov itsasoaren eta Itsaso Beltzaren artean. Penintsularen hegoaldeko mendiak Bulgariako Karpatokoen eta Errusiako Kaukasokoen arteko zatiak dira, hiru mendikate txikiez osatuak, lur emankorreko ibarrak dituztenak; mendi horietako gailurrak 1.545 m ditu. Gainerakoan laua da Krimeako lurraldea, Perekop-eko istmo estuaren bidez Ukrainako ordoki zabalari lotua. Ibai handienak, mendebaletik ekialdera, Dnister, Bug, Dnieper eta Donets dira. Hego-mendebaleko muturrak Danubioaren delta hartzen du.  v  Klima eta landaredia. Klima kontinental samurra du Ukrainak (are samurragoa kostaldean), Mediterraneokoa baino hotzagoa eta Europako iparraldekoa baino epelagoa. Euri gehiago izaten da barrualdean kostaldean baino, udako hilabeteetan gehienbat. Negu laburrak, hotzak eta elurtsuak ditu. Landaredia, iparraldean, estepakoa eta estepa basoduna da. Hegoaldean, Krimeako iparraldean, batez ere, lehorrekoaren ezaugarriak ditu, eta penintsularen hegoaldeko kostaldean, berriz, Mediterraneokoarenak, mahasti eta fruitu garratzeko arbolekin. ■ Biztanleak. Herrialdearen ekialdean batez ere errusiarrak bizi dira (% 22), mendebaldeak, berriz, harreman handiagoa du Europarekin. Sobietar Batasuna ohiko gainerako errepublika gehienetan bezala, Ukrainan biztanle kopurua asko jaitsi da azken hamarraldietan: bi milioi biztanle galdu ditu bost urtetan, bizi mailaren jaitsieraren eta haur heriotza tasaren igoeraren ondorioz. Osasun zerbitzuak, garai batean ezin hobeak, beherantz doaz, eta difteria eta tuberkulosiak jotako gaixoak, aldiz, gora. Emigrazioa asko hazi da azken urteetan. ■ Ekonomia. Lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituzten lur beltzen emankortasun handia dela eta, urteetan nekazaritzara bideratua egon zen Ukrainako ekonomia, baina gaur egun meagintzak eta industriak nekazaritzak adinako garrantzia dute. Kopuruari dagokionez, lantzen diren gai nagusiak garia, ekilorea, patata eta, munduan gehien ekoizten duen herria baita, batez ere azukre erremolatxa dira. Baina gai horiez gainera garagarra, artoa, zekalea, oloa, artatxikia, lihoa, kalamua, tabakoa, meloiak, barazkiak, fruitu arbolak, mahastiak eta kotoia ere lantzen dira. Abere hazkuntzak ere garrantzi handia du: behiak, zerriak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak. Baina lurraldeko baliabide nagusiak meak dira: manganesoa (Nikopol), burdina (Krivoi Rog), harrikatza (Donbass), petrolioa eta gas naturala, uranioa, sufrea, fosforita eta grafitoa, besteak beste. Baliabide horiek oso industria handia bideratu dute, Donets eta Dnieper ibaien artean gehienbat: siderurgia eta metalurgia, makina lanabesa eta industriako makinak (lokomotibak, traktoreak…), etxeko tresnak (hozkailuak, ikuzgailuak), kimika industria (kokea, mea-ongarriak, azido sulfurikoa), janari industria (azukregintza). Bestalde, petrolioa eta gasa izateaz gainera argindarra sortzeko baliabide handiak ditu Ukrainak: zentral termikoak hiri nagusietan, argietxe handiak Dnieper ibai arroan, eta 1975. urte inguruan eraikitako zentral nuklearrak (Txernobil, Rovno, Voznesensk). Gainera, garrantzi handiko portuak ditu, ontziolak eta beste industria batzuk ere dituztenak: Zdanov eta Berdiansk Azov itsasoan, eta Odesa, Kherson eta Nikolaiev Itsaso Beltzean. Bestalde, Ukrainak hiri sare indartsua du: Kievek, hiriburuak, 2,6 milioi biztanle ditu eta bat egiten dute bertan, alde batetik, kulturak eta hezkuntzak (unibertsitatea eta ikerketa guneak) eta bestetik, punta-puntako teknologiak (gune militar-industriala). Ukrainaren industria indartsua eta antzinakoa da, baina SESBren eta Errusiaren beharrak asetzeko sortua. Nekazaritza industria garrantzizko sektorea da (esnekiak, haragia); horrez gainera, Ukrainako industriak Sobietar Batasuneko ikatzaren laurdena eta burdinaren erdia eskoizten zituen. Ukrainan 70 milioi ikatz tona ustiatzen dira gaur egun; 1976an, aldiz, 212 milioi ziren. Industriaren alorrean garrantzi handikoa da eraikuntza mekaniko astuna (lokomotibak, tankeak, misilak); industria kimikoari dagokionez, ongarriak ekoiztera bideratua da batez ere. Energiaren alorrean, Ukraina energia mendekotasun maila handiko herrialdea bihurtu da, eta horrek azaltzen du, nolabait, gobernuak jartzen dituen eragozpenak Txernobil ixteko, zentral horrek herrialdeko beharren % 10 asetzen baitu. Errusiako finantza krisiak ondorio larriak izan ditu Ukrainan, 1998. urteaz geroztik batez ere. ■ Historia. Ukrainako nazioak IX-XII. mendeetan Kieveko estatuaren mende izan zen lurraldean du sorrera. 1238-1240 urteetan mongoliarrak sartu ziren lurralde horretan. Kieveko printzerria guztiz ahulduta geratu zen, eta egoera horrez baliatuta Lituaniako dukerriak hegoaldea eta Poloniak Galitzia-Volinia hartu zituzten. Lituaniak eta Poloniak bat egin zutenean (Lublingo hitzarmena, 1569), Poloniak hartu zuen Ukraina. Hauen eraginez Ukrainako sartaldeko ortodoxoak 1596an sortu zen Eliza uniatari lotu zitzaizkion. Denbora laburraren buruan nekazari asko Dnieper ibaiaren arro aldera joan zen poloniar jauntxoen morrontzapetik ihesi. Horietatik asko kosakoen gudarostean sartu ziren; izan ere, XVI. mendetik aurrera kosakoek garrantzi handia izan zuten Ukrainako historian, laguntza eman baitzieten ukrainarrei Poloniaren kolonizazioari aurre egiteko. 1654an Bogdan Khmelnitski atamanak Moskuko tsarraren babesa onartu zuen. Honek kosakoen autonomia errespetatzea agindu zuen, baina kosakoak, poloniarren zein errusiarren manupean erortzeko beldurrez, matxinatu ziren. 1667an, Androussovo-ko hitzarmenaren bidez, Poloniaren eta Errusiaren artean banatu zen lurraldea. Errusiak Dnieper ibaiaren ezkerraldea eta Kiev hartu zituen. Poloniaren mendeko Ukrainak tartaroen erasoak pairatu zituen. Ivan Mazepa atamana Ukraina batuaren eta burujabearen alde matxinatu zenean (1708-1709), Petri Handiak kosakoen eskubideak galarazi zituen eta, besteak beste, ukraineraz hitz egitea debekatu zuen. Katalina II.ak azken atamana izan zena kargutik kendu zuen, eta nobleziari nekazarien gaineko aginpidea osoa eman zion. Bien bitartean moskutar eta serbiar kolonizatzaileak, Krimeara iritsi ziren. Poloniaren partiketa egin zenean (1793 eta 1795) Austriako Inperioak Ukraina Subkarpatikoa, Bukovina eta Galitzia eskuratu zituen eta Errusiak Dnieper ibaiaren eskuinaldea, Podolia eta Volinia.  v  XIX. eta XX. mendeak. Errusiako inperioko lurralde aberatsena bilakatu zen Ukraina, nekazaritza (garia, azukre erremolatxa) eta mea (ikatzarria, burdina) baliabide handiak baitzituen. XIX. mendean elkarte autonomistak eta kulturalak sortu ziren, eta poloniarren 1863ko matxinadaren ondorengo jazarpenek eta zapalketek abertzaletasuna sendotzea ekarri zuten. Juduek ere, 1897an herrietako eta hirietako biztanleriaren % 30 osatzen zutenak, oso jazarpen gogorrak pairatu zituzten 1881-1921 urteetan. Galitziako ukrainarrek, berriz, Errusiaren mendeko Ukrainan galarazita zeuden eskubide batzuk gorde zituzten (eskolan ukraineraz hitz egitea, Eliza uniata). 1914an tsarraren gudarosteak Galitzia konkistatu zuen, eta intelektualek ukrainar abertzaletasunaren aldeko higikundeak bultzatu zituzten. Errusiako Iraultzan batzorde edo rada bat eratu zen Kieven, 1917ko azaroan Ukrainako Errepublika Burujabea eta Demokratikoa onartu zuena. Boltxebikeek berriz, langileen laguntzarekin, gobernu komunista bat eratu zuten Kharkoven, 1917ko abenduan. 1918ko urtarrilean Kieveko radak bakeak egin zituen Alemaniarekin. Alemaniarrek, otsailean Kiev hartu zuten boltxebikeak egotzi eta aginpidea hartu zuten. Baina gerran galtzaile atera zirenean S. V. Petliura nazionalistak hartu zuen lehendakaritza eta gobernu burujabea eratu zuen berriz Kieven. Galitzia Kievi lotu zitzaion 1919ko urtarrilean, baina Poloniako gudarosteak konkistatu zuen ekainean. Transkarpatia Txekoslovakiari lotu zitzaion eta Errumaniak Bukovina eta Besaravia hartu zituen. 1919-1920 urteetan Denikin jeneralaren gudaroste zuria, Kharkovko Errepublikako gudaroste gorria eta Petliuraren ukrainar gudarostea borrokatu ziren Sortaldeko Ukrainan. Gudaroste zuriak atzera egin zuenean Poloniak Kiev hartu zuen (1920ko maiatza) eta gudaroste gorriari aurre egin zion. Rigako hitzarmenak eman zion amaiera poloniarren eta sobietarren arteko gerrari, 1921eko martxoan. Poloniako muga 1792kora atzeratu zen: ekialdeko Galitzia eta Volinia. Denbora laburraren buruan poloniarren aurkako gerrilla sortu zen Galitzian, Nestor Makhno errusiar anarkistaren gidaritzapean, Ukraina 1922ko abenduan SESBeko errepublika federatua izan zen arte iraun zuena. Ukrainera hizkuntza ofizial gisa onartu bazen ere, Moskuko gobernuak gogor zapaldu zituen ukrainar abertzaleak.  v  Gerraren ondoren sobietarrek industrializazioa eta, ukrainar kulak edo nekazarien gogoz kontra, kolektibizazioa bultzatu zuten Ukrainan. Kulaken aurkako jazarpenengatik eta 1932-33 urteetako goseteengatik 6 edo 7 milioi pertsona hil ziren; geroago Stalinek intelektualen aurkako jazarpen gogorra bideratu zuen. Alemaniaren eta sobietarren arteko hitzarmenaren bidez Ukrainak Poloniaren hego-ekialdea eta Errumaniaren parte bat (Ipar Bukovina eta Besarabiako hegoaldea) eskuratu zituen. 1941-1942 urteetan alemaniarrek Ukraina osoa hartu zuten, oso errejimen gogorra ezarri eta jende asko deportatu zuten lurralde haren germanizazioa errazteko. Baina sobietarren manupetik askatzeko alemaniarrekin batera borrokatu ziren abertzale asko haien aurka matxinatu ziren. 1943-1944 bitartean sobietar gudarosteak egotzi zituen alemanak. Gerra horretan Ukrainak 4 milioi pertsona galdu zituen, ia judu guztiak horien artean. Gerra amaitu zenean Nazio Batuetako Erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Ukrainari Galitzia, Volinia, Besarabia eta Bukovinaren iparraldea lotu zitzaizkion, eta Txekoslovakiak Transkarpatia itzuli behar izan zion. 1946an Eliza uniataren abertzaletasuna zela eta Stalinek Eliza ortodoxoaren barruan sarrarazi zuen, eta atxilo hartu zituen Elizako buruzagiak. 1954an, Errusiaren eta Ukrainaren arteko batasunaren hirugarren mendeurrena zela eta, Errusiak Krimea eman zion Ukrainari.  v  Ukraina burujabea. 1986ko apirilean istripu larria izan zen Txernobilgo zentral nuklearrean, hiriburutik 130 km-ra, oso ondorio latzak eragin zituena 5 milioi pertsonarengan (datu ofizialen arabera 600 pertsona hil ziren). Gertaera horrek gobernuaren aurkako oposizioa berpiztu zuen. 1989ko amaieran errepublikaren burujabetasunaren eta perestroikaren aldeko higikundea sortu zen (Rukh), Kieveko intelektualez eta preso politiko ohiez osatua. 1990ko martxoko hauteskundeetan komunistak atera ziren garaile, eta Rukh-ek emaitza onak izan zituen mendebalean. Legebiltzarreko lehendakariak, Leonid Kravtxuk-ek, jarrera nazionalista gero eta tinkoagoa hartu zuen. 1991ko otsailean Krimeari autonomia (1922-1945 urteetan ere izan zuena) itzultzea erabaki zuen Legebiltzarrak. Gorbatxoven aurkako estatu kolpearen ondoren, 1991ko abuztuaren 24an burujabetasuna eskatu zuen Ukrainak, abenduko 1aren erreferedumean emandako botoen % 90ek berretsi zuena. Leonid Kravtxuk hautatu zuten lehendakari. Hilabete horretan bertan Estatu Burujabeen Elkartea sortu zuen Errusia eta Bieolorrusiarekin batera. 1991. urtearen amaieran Kievek bere subiranotasuna eskatu zuen herrialde horretan zeuden arma nuklearrei dagokionez, eta aldi berean, arma horiek zazpi urteko epean desegiteko asmoa azaldu zuen. 1992an Ukrainako gobernuak prezioen liberalizazioa aurrera eramatea erabaki zuen; bestalde, erraztasunak eman zien atzerriko enpresei bertan inbertsioak egin zitzaten. 1992an Krimeak bere burujabetasuna adierazi zuen, baina Ukrainako legebiltzarrak ez zion onartu. Azkenik, Krimeak amore eman eta ezeztatu egin zuen bere adierazpena. Baina Errusiak 1954ko lege dekretua ezeztatu zuen, zeinaren arabera Krimea Ukrainari ematen zion, eta Krimea itzultzea eskatu zion. Kiev-ek ez zuen eskakizun hori onartu eta independentzia ekonomikoa onartu zion Krimeari. Krimea Kiev eta Moskuko gobernuen arteko tirabira gai izan da urteetan. 1993an Ukrainak bertan behera utzi zuen arma nuklearrak Errusiako Federaziori itzultzeko asmoa, Ukrainako gobernuaren ustez ez baitzegoen haiek desegiteko behar bezalako bermea. Bestalde, Itsaso Beltzeko gerraontzien banaketak ere tirabira latzak sortu zituen errusiar gobernuaren eta ukrainarraren artean, zeinek beretzat eskatzen baitzituzten gerraontziak. 1993ko irailean Vitold Fokin Lehen ministroak dimititu egin zuen ekonomia bideratzeko egin zituen saioak porrot egin zutenean. Leonid Kutxma (industria gizonen eta enpresaburuen Batasuneko lehendakari ohia) jarri zuten haren ordez. Gobernu berriaren politika liberalak eta liberalizazioak aurrez aurre izan zituzten Biltzar Gorena batetik, eta langileak bestetik. Hala, Kutxma-k dimisioa aurkeztu zuen, baina ez zitzaion onartu. Kravtxuk-en kanpo politika moderatuaren kontra, Biltzar Gorenak Ukrainan ziren SESB-eko arma nuklear guztiak bereganatzea erabaki zuen. Sobietar Batasunaren desagertzearen ondoren munduko hirugarren potentzia nuklear bihurtu zen Ukraina. Baina Kravtxuk ahuldurik zegoen, politika alorrean batez ere, eta Itsaso Beltzeko ontziak Errusiari ematea erabaki zuen. Horrela, Moskurekin petrolio eta gasaren truke zuen zorra ordaintzen zuen. Bien bitartean, ekonomiak hondoratzen jarraitzen zuen, eta hileko inflazioa % 100ekoa zen. Azkenik, Kutxmak dimititu egin zuen. 1994an izan ziren Sobietar Batasuna desegin ondorengo lehenengo hauteskundeak. Leonid Kutxma Lehen ministro izandakoak irabazi zituen hauteskunde haiek, eta presidente berriak Errusiarekiko harremanak estutzeko eta EBB (Estatu Burujabeen Batasuna) sartzeko asmoa azaldu zuen. 1994an eta 1995ean zehar bai egoera ekonomikoak bai sozialak okerrera egin zuten. BPG % 20 baino gehiago jaitsi zen 1994an, eta % 12tik gora 1995ean, eta bizi maila ere asko jaitsi zen. 1997an Pavlo Lazarenko Lehen ministroa ustelkeriaz salatu zuten eta kargua utzi behar izan zuen. Haren ordez Valery Pustovoytenko jarri zen. Urte horretan bertan arma nuklearrak kentzeko hitzarmen bat izenpetu zuten Estatu Batuek, Bielorrusiak, Errusiak, Kazakhstan-ek eta Ukrainak. 2004an, Iraultza Laranja izan zen. Horrela deitu zitzaion 2004ko hauteskundeetan Victor Yanukovich gobernuaren hautagaiak egindako iruzurraren kontra egin ziren protesta, manifestazio, greba eta erresistentzia zibileko ekintzei, Viktor Yushchenko oposizioko hautagaia lehendakari izendatzeko eskatuz. Urte horren bukaeran bukatu zen Iraultza Laranja, hauteskundeak hirugarrengoz egin eta Yushchenko lehendakari izendatu zutenean. Bestalde, 2008ko bukaeran, liskar handi bat izan zen Errusiaren eta Ukrainaren artean. Errusiak Ukrainari saltzen dion gasaren prezioak sortu zuen istilua, eta tirabiren ondorioz, Errusiatik etorri, Ukraina zeharkatu eta Europako erdialdean gasa daraman gasbidea etenda geratu zen. Etenaldi horrek gasik eta erregairik gabe utzi zituen Europako erdialdeko biztanle asko —Balkanetan bereziki— Europak aspaldi honetan ezagututako hotzaldirik handienean. Azkenean, 2009aren hasieran, gasbidea zabalik geratu da, baina ez Errusiak ez Ukrainak hartzen dute bere gain gas etenaldia.
http://www.kmu.gov.ua/control/