uigur
iz. eta izond. Hizkuntza turko batez mintzo den herria eta hari dagokiona. Gehienak Txinako ipar-mendebalean bizi dira, Xinkiang-eko Uigur Lurralde Autonomoan (6.000.000 inguru), eta Asia erdialdeko lurraldeetan –Uzbekistan, Kazakhstan, Kirgizia- (200.000 inguru). Uigur hiri nagusiak: Urumtxi, Xinkiang-eko hiriburua, eta Kashgar, Txinaren eta Errusiaren arteko mugan. Uigur-ak munduko lurralde lehorrenetariko batean bizi dira; haien herriak Tien Shan, Pamir eta inguruko mendialdeen arteko haranetako oasietan kokatuak dira. Garia, artoa eta artatxikia dira bertako nekazaritza ekoizpen garrantzitsuenak, oihalgintzarako kotoiarekin batera. Azienda batzuk ere badituzte. Xinkiang-en petrolioa aurkiturik, industria ekonomia garatzen ari da lurralde hartan. Egungo uigur herriak ez du erlazio zuzenik Erdi Aroko uigur inperioarekin. v Uigur erresuma. K.o. VII. mendean uigur herria talde sendoa zen eta 744 inguruan Mongolia hartu zuten beren mende. Garai bertsuan manikeismoa hartu zuten erlijiotzat. Kirgizak nagusitu zitzaizkielarik (840), Txinan zehar barreiatu ziren eta erresuma bat eratu zuten Txinako Xinkiang-en, mongolen etorrera arte iraun zuena (XIII. mendea). Aro hartan budismoa edo nestorianismoa beretu zituzten. v Uigur hizkuntza. Izen bereko bi hizkuntza bereizten dira: antzinakoa eta berria. Antzinakoa uigur inperioaren hizkuntza zen eta alfabeto sogdianoan oinarrituriko idazkera propioa erabili izan zen eragin askotariko –Txina, Iran, India– literatura erlijioso joria transkribatzeko (VIII-XIV. mendeak). Izan ere, uigur hizkuntzaz manikeismoaren, budismoaren eta nestorianismoaren inguruko obren eta Txinako egutegien itzulpenak egin ziren. Alfabeto honek garrantzi handia izan du Asiako erdialdeko kulturan, XIX. mendea arte erabili baita eta alfabeto mongoliarraren eta mantxuaren oinarritzat hartua izan baitzen. Uigur berria hizkuntza turkoetarikoa da, altai hizkuntzen taldekoa, Txinako Xinkiang-en, Uzbekistanen eta inguruko eskualdeetan erabiltzen dena (6 milioi inguru hiztun, gehienak Xinkiang-en). Ahaidetasun urruna du antzinako uigur hizkuntzarekin. Tradizioz arabierazko zeinuez idatzi da baina 1930etik aurrera alfabeto latinoa beretu zuten era ofizialez Txina aldean, eta zirilikoa 1947tik aurrera Sobietar Batasuneko uigur lurraldean, nahiz eta arabiarra oraino erabiltzen den.