txotxongilo
iz. Eskuen edo harien bidez higiarazten den irudia edo panpina. || Irudi edo panpina horien bidez antzeztutako ikuskaria. v Antzina-antzinatik erabili izan da txotxongiloa zibilizazio eta kultura guztietan. Hasieran erlijiozko gaiak bakarrik aipatzen ziren, baina gerora elezaharrak, historiako gertakariak, ipuinak ere kontatzen ziren. Europan, txotxongiloak Italian izan zuen sorrera, han oso zabaldua baitzen Erdi Aroaz geroztik. Pertsonaia bereziak sortu ziren, herri bakoitzaren izaera adierazten zutenak: Italian Polichinela, Ingalaterran Punch, Turkian Karagoz, Errusian Petruxka, Alemanian Hanswurst… Higitzea du txotxongiloak ezaugarririk nabarmenena, horren bidez sortzen baitu egiantza. Antzerkian, operan, zineman, balletean erabili izan da eta musikagile (Mozart, Haydn) eta idazle (Goethe, Kleist, Jarry, Lorca) ospetsu askok berariaz sortu dituzte lanak txotxongiloetarako.