Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

txingor

iz. Hotzaren ondorioz ale izoztuetan erortzen den euria, kazkabarra, babazuza.  v  Txingorra kumulo edo kumuloninbo motako hodeietan sortzen da gehienetan. Txingor-aleek 2 zentimetro inguruko diametroa izaten dute; hala ere, izaten dira batzuetan 7 zentimetrotarainokoak ere. Aleak biribil samarrak izaten dira, eta txandakako geruza bigunak eta gogorrak izaten dituzte osagai. Haizeak hodeiak oso gora eramaten dituenean, hodeiaren barnean diren euri tantak hozten eta izozten egiten dira; tanta horiek duten pisuagatik erortzen dira, eta erori ahala, euri tanta gehiagok estaltzen dute lehen tanta izoztua; haizeak tanta horiek berriro jasotzen ditu, eta bertan izozten dira atzera; behin eta berriro gertatzen da prozesu berbera, haizeak txingor-aleari eutsi ezin eta lurrera erortzen den arte.