Txiang Kai-Txek
Txinako militarra eta estatu burua (Ningpo, Txe-Kiang, 1887 - Taipeh, 1975). Funtzionario baten semea zen. 1906an Akademia Militarrean sartu zen eta urtebete geroago Sun Yat-Sen ezagutu zuen Tokion. 1911n mantxuen dinastia egotzi zuen iraultzan parte hartu zuen. 1923an estatu nagusiko buru izan zen Sun Yat-Senek Kantonen eratu zuen gobernuan. Sun 1925ean hilik, Kuonmintang alderdi bakarraren buru bihurtu zen eta urte hartan bertan komunisten aurkako eraso gogorrari ekin zion, 1927an Shanghaiko hilketarekin amaitu zena. Aldi berean iparreko “gerrako jaun” feudalen aurka jo zuen; 1928an Pekinen sartu zen eta Txinako batasuna iritsi zuen. Errepublikako lehendakari hautaturik, 1931n diktadura militarra ezarri zuen. Berriro komunistei eraso zien, hauek 1934an Ibilbide Luzea deitua egitera behartuz. 1937an japoniarrak Txinaz jabetzeko mehatxuak komunistekin fronte nazionala osatzera behartu zuen. Japoniarren okupazioaren denboran bere errejimenak eskuin muturrerantz jo zuen. Gerra amaitu ondoren, 1946ko udaberrian eraso orokorra jo zuen komunisten aurka. 1949ko abuztuan, komunistak lurralde osoaz jabeturik, Taiwan-era alde egin behar izan zuen. Uharte hartan Txina Nazionalista izeneko errepublika eratu zuen Estatu Batuen laguntza militar eta ekonomikoarekin. Hil artean lehendakari hautatua izan zen 1950, 1954, 1960, 1966 eta 1972. urtean.
- Txetxenia
- Txetxenia-Inguxia
- txetxu
- txewera
- Txiai
- Txiang Kai-Txek
- Txiang Mai
- Txiang Txin
- Txiang Tzu
- txibia
- txibierro