Txetxenia
Errusiako hego-mendebaldeko errepublika autonomoa, Kaukaso mendialdearen hegoaldean. Sobietar Batasunaren barruan autonomia handiagoa zuten beste errepublika batzuek ez bezala, Txetxenia bezalako “eskualde autonomoek” ez zuten burujabetza eskuratu Sobietar Batasuna desagertu zenean, eta hori dela-eta gerra piztu da. ■ 1922an, Errusiako Errepublika Sozialista Federatiboaren barruko eskualde autonomoa izendatu zuten Txetxenia, eta 1936an, Ingux-ekin batera, Txetxen-Ingux Errepublika Autonomoa bihurtu zen. 1944an, Stalinek Kazakhstan eta Kirgizistan aldera deportatu zituen txetxeniarrak eta inguxak. 1957an, Nikita Krushov-ek itzultzeko baimena eman zienean, errepublika autonomoa eratu zen ostera. 1990. urtearen bukaeran, Txetxeniako Kongresu Nazionalak Txetxen-Ingux Errepublikaren burujabetasuna adierazi zuen. 1991ko azaroan deitu ziren lehendakaritzarako hauteskundeak, eta Dzojar Dudayev hautatu zuten lehendakari. Honek, bere aldetik, Txetxeniako Errepublika Sobietar Batasunetik eta Errusiako Federaziotik independente deklaratu zuen. Errusiak txetxeniarren aurkako gerra hasi zuen lurraldearen kontrola berreskuratzeko. Hiru hilabeteko borroken ondoren beretu zuen hiriburua, Grozni, erabat suntsitua. 1995ean, errusiarrek eta txetxeniarrek su-etena izenpetu zuten lehenengo aldiz, baina borrokak ez ziren eten, eta 1996ko abuztuan txetxeniarrek hiriburua berreskuratzea lortu zuten, Dudayev gabe, errusiarren misil batek hil baitzuen. Hilabete horretan bertan, Errusiako Federazioak eta Txetxeniako Errepublikak lehenengo itunak izenpetu zituzten. 1997ko urtarrilean, Aslan Mashadon hautatu zuten errepublika berriko lehen lehendakari.