Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txetxenia-Inguxia

Errusiako hego-mendebaleko errepublika autonomoa, Kaukaso mendialdearen iparraldean. 19.300 km2 ditu eta 1.210.000 biztanle (% 53, txetxenak; % 12, inguxak; % 35, errusiarrak). Hizkuntzak: errusiera eta nakh taldeko hizkuntzak. Hiriburua, Grozni. v Orografia. Hiru eskualde nagusi dira; hegoaldea oso menditsua da; Kaukasoko mendiak baitira (Tebulos mendia, 4.493 m; Shan mendia, 4.450 m). Argun eta Assa (Sunzha iabairen adarrak) dira alderdi horretako ibai nagusiak. Lurraldearen erdialdea Terek eta Sunzha ibaien ibarrek hartzen dute eta baso trinkoek estaltzen. Iparraldea ordoki zabala da, ia basamortua. v Ekonomia. Laborantza (garia, garagarra, artoa), lurpeko aberastasunen ustiaketa (petrolioa, gasa) eta, hiri garrantzitsuenetan, industria (petrolio findegiak, kimika industria, janari industria, ehungintza, nekazaritzarako makineria, musika tresnak) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Txetxenak eta inguxak herri musulmanak baitziren, errusiarren aurka borrokatu ziren XVIII eta XIX. mendeetan, hain zuzen ere errusiarrek Shaykh Shamil buruzagi musulmana garaitu zuten arte (1859) eta, ondorioz, Armeniara erbesteratu ziren txetxen eta ingux herriko biztanle asko. 1918. urtean Errusiako errejimena ezarri zen Txetxenian eta Inguxian eta 1920an gudaroste gorriak inbaditu zituen bi lurraldeok. 1924-1934. urteetan Errusiaren barnean zeuden eta 1934. urtean lurralde bakarra osatzen zuten Txetxeniak eta Inguxiak. 1936. urtean Txetxenia-Inguxiako errepublika autonomoa eratu zen. 1994an, errepublikaren burujabetasuna dela eta, gatazka sortu da Txetxenia-Inguxiaren eta Errusiarren artean.