txeroki
iz. eta izond. Ipar Ameriketako irokiar leinuko indiar herri bateko kidea. Europarrak iritsi zirenean Tenesse estatuko ekialdean eta Ipar eta Hego Carolinako mendebalean bizi ziren. Estatu Batuetako hego-ekialdeko beste indiarren antzera –kreek, seminola, etab.– herrixketan bizi ziren, nekazaritzatik (babarrunak, artoa eta kuiak) eta ehizatik (oreina, hartza, altzea). Independentziako gerran britainiarrekin batera borrokatu ziren, eta horregatik zapalkuntza gogorra nozitu zuten, eta beren lurrak kendu zizkieten. 1800etik aurrera zurien laborantza, eraikuntza eta erlijio moldeak beretuz joan ziren. Zurien kultura bereganatzen egindako ahaleginagatik ere, ganaduzale zurien presioen kariaz, 1830ean barrutietan itxiarazi zituzten 15.000 txeroki, eta 1838-1839ko neguan Oklahoma-ko erreserbetara joatera behartuak izan ziren oso baldintza gogorretan –oinez gehienak, 4.000 hildako–. XX. mendearen amaieran 47.000 inguru txeroki bizi dira Oklahoma-n eta beste 3.000 bat Ipar Carolina-ko mendebalean (1838an mendietara ihes egindakoen ondorengoak).