Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txernobil

Ukrainako erdi-iparraldeko hiria, Kiev-eko hiriaren iparraldean. Lau zentral nuklear baziren han. 1986. urteko apirilean lau erreaktore nuklearretako batean sute handi bat gertatu zen eta horrek eragindako hodei erradioaktibo kutsakorrak Ukrainako, Sobietar Batasuneko eta Europako zenbait eskualdetako lurraldeak ukitu zituen. Zentral nuklearren historian izan den istripurik larriena izan zen hura. 2000. urteko abenduan itxi zen betiko Txernobilgo zentral nulkearrean zeuden lau erreaktoreetatik azkena. Txernobilgo 1986ko istripu nuklearra da historian gertatu den okerrena, Hiroshimako bonbak eragin zuena baino ehun bider kutsagarriagoa. Istripuak behin betiko desagerrarazi zuen energiaren nulkearraren erabilera baketsuan askok zuten uste ona; gertatu zen unean hogeita hamar lagun hil izan ziren, luzarora zentralaren inguruan bizi ziren milaka lagunen heriotza eragin zuen (2001. urtea artea, 300.000 inguru), Europa erdia kutsatu zuen, eta elkorrak utzi zuen Ukarainako bertako, Errusiako eta Bielorrusiako eremu zabalak. Txernobilen abian zegoen azken erreaktorea ixtea, Estatu Batuetako presidente Clintoni 2000ko ekainean Ukrainako presidenteak agindua, Mendebaldeko presioaren ondorioa izan da, eta berak ordaindu ditu gastu guztiak. 1995ean, Zazpi Handien Taldeak (Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Kanada, Italia, Alemania eta Japonia) erabaki zuen ia 300.000 milioi pezeta ematea Ukrainari zentral zaharra itxi eta bi zentral nuklear berri eta seguruak eraikitzen laguntzeko. Ixteko unean, Berreraikuntza eta Garapenerako Europar Bankuak 40.000 milioi pezatako kreditua eman zuen, aurrekoari lotua, nahiz eta halako dirutzak atzera jasotzeko posibilitatea ia hutsa den. Frantzia zen kreditu horiek eman zitezen interes handiena zuen herrialdea, eta argia da horren arrazoia: izan ere, frantses industria nuklearra arduratuko da zentral berriak eraikitzeaz. Europar Bankuak zentral berrien eraikuntzarako ipini dituen baldintzak oso zorrotzak dira, eta eraikiko diren zentral nuklear berrien kontrol hertsia onartu beharko du Ukrainak. Baina ekologistak –eta ez ekologistak bakarrik– beldur dira Kievek ez ote duen azkenean bere nahierara jokatuko. Greenpace talde ekologistak abisu eman du arriskua ez dela guztiz desagertu. Txernobilgo zentralaren eredu bereko beste hamahiru zentral nuklear, hura bezain arriskutsuak, daude gaur martxan Errusian eta Lituanian. Itxitakoaren ordez zentral berriak eraikitzearen kontra dago Greenpeace gainera. Izan ere, Txernobilgo istripuaren ondorioz, 3,5 milioi lagun bizi dira gaur egun lur kutsatuetan; horietatik milioi bat haurrak dira, eta 380.000k leuzemia dute.