tupiak eta guaraniak
Amazonia aldeko indiar gizataldeak. Tupiak Amazoniaren –munduko oihan handienaren– hegoaldean bizi ziren gehienbat. Nekazaritzatik eta arrantzatik bizi ziren, eta familia bereko hizkuntzak erabiltzen zituzten. Egun ere, Amazonas ibaitik hasita Rio de la Plataraino, hizkuntza horietako asko –guarania, esate baterako– indarrean dago oraindik. Tupiak, kanoa arraunlari trebeak, kontinente barrurantz hedatu ziren, Amazoniako ibai eta erreka sare trinkoan gora. Haien gizarte antolakuntzan familia zen oinarria. Seme-alaba ezkonduak beren familiekin eta ahaideak etxebizitza zabal bakar batean bizi ziren. Guaraniak Paraguaiko ekialdean bizi ziren gehienbat, baina baita Brasil eta Argentina ondoko lurretan ere. Egun, talde batzuk bizi dira oraindik, Paraguaiko ipar-ekialdeko baso tropikaletan. Espainiako konskitatzaileen mendean geratu ondoren, urrea eta zilarra ateratzera eta eraikuntzan lan egitera behartu zituzten. XVIII. mendean, Paraguaiko ekialdean, jesuitek indiar taldeak talde txikitan banatu eta kristautu egin zituzten. 1767an, jesuitak handik egotzi zituztenean, ebanjelizazio prozesu hau eten egin zen; indiarrak sakabanatu egin ziren, eta haien lurrak konfiskatu egin zituzten. Brasilen, Ceara-ko estatuan, indiar talde batzuek –potiguarak, kaeteak, tupinanbak, tupinikinak eta guarani batzuk–, oro har “tupinanbak” deituak, egun ere tupi hizkuntzak erabiltzen dituzte, Mato Grossoko kawaibak edo Boliviako ekialdeko sirionoak bezala.
- Tupac Amaru
- tupaia
- tupaido
- tupamaro
- tuparri
- tupiak eta guaraniak
- tupiki
- tupina
- tupinagile
- Tupolev, Andrei Nikolaievitx
- tupust egin