Tupac Amaru Iraultza Mugimendua
(Movimiento Revolucionario Tupac Amaru, MRTA). Peruko ezker muturreko gerrilla taldea, Victor Polay Camposek 1984an antolatua. Taldeak izen bereko inka buruzagi batengandik hartu zuen izena. Tupac Amaru Iraultza Mugimendua ikasleez hornitu zen, eta Kuba eta Nikaragua zituen eredu. Pobreen artean banatzen zuen lapurreta eta bahiketetatik lortzen zuten dirua. Mila kide inguru zituen guztira. 1990ean, urtarrilean, Tupac Amaruko kide batzuek Peruko defentsa ministro ohia hil zuten, eta uztailean Polay eta beste 47 preso Canto Grandeko segurtasun handiko presondegitik atera zituzten, kanpotik presondegiraino zulatutako 330 metroko tunel batean zehar. Tupac Amaruko kideak hiru urtez aritu ziren tunel hura zulatzen. Bien bitartean, 1990eko ekainean, Peruk lehendakari berria hautatu zuen: Alberto Fujimori. 1992an Polay atxilo hartu zuten berriro eta bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zioten. Hurrengo urtean gudarosteak Tupac Amaru Iraultza Mugimenduaren baseak suntsitu zituen, eta ehunka gerrillari errenditu egin ziren amnistiaren truke. Mugimendua 200 kide besterik ez zituela geratu zen. 1995eko bukaeran talde armatuko zenbait kide atxilotu zituzten, Polayren askapena lortzeko Peruko Legebiltzarraren kontrako erasoa prestatzen ari zirelako akusaziopean. Urtebete geroago gerrillak Japoniako enbaxada hartu zuen, Perun, ehunka pertsona zeudelarik barruan. Gerrillariek Peruko kartzeletako bizi baldintzak salatu zituzten eta beren kideen askapena eskatu zuten bahituenaren truke. Eraso ikusgarri bezain odoltsu batean, Peruko gudaroseta enbaxadan sartu eta gerrillako kide guztiak hil zituen.
- tuntur 1
- tuntur 2
- tuntux
- tupa
- Tupac Amaru Ia
- Tupac Amaru Iraultza Mugimendua
- Tupac Amaru
- tupaia
- tupaido
- tupamaro
- tuparri