Tuñón de Lara, Manuel
Espainiar historialaria (Madril, 1915 - Leioa, Bizkaia, 1997). Espainiako historiografiaren berritzaile nagusietako bat. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Madrilen. 1932an Gazteria Komunistako kide egin zen, eta alderdiko buruzagitzan izan zen 1934-1936 bitartean, Espainiako lehen ikasle sindikatu komunistako lehendakari izateaz gainera. Espainiako gerra zibila amaitu zenean, kontzentrazio esparru batean atxilotu zuten. 1946an Parisa erbesteratu zen. Parisen, lan egiteaz gainera, zuzenbide eta historia ikasketak sakondu zituen. Harrezkero ikaskuntzan eta irakaskuntzan murgildu zen, politika alde batera utzita. Historia eskolak eman zituen Paueko Unibertsitatean (1970), eta Espainiako Egungo Historiari buruzko hizketaldiak antolatu zituen. Hizketaldi haiek (1980 arte beraren zuzendaritzapean antolatuak) garrantzi handikoak izan ziren Espainiako historiaren azterketan sakontzeko, Espainiako eta Europako historialari askok parte hartu baitzuten bertan. Franco hil baino urte batzuk lehenago itzuli zen Espainiara. Hurrengo urteetan irakaskuntzan aritu zen, Hispaniako Ikerkuntza Zentroko zuzendaritza eta Paue eta Bordeleko unibertsitateetan Espainiako Egungo Historiako Dokumentazio Zentroko zuzendaritza bere gain izateaz gainera. Madrilen, Segovian, Cuencan eta Euskal Herrian eman zituen eskolak. Bere lanetan aipagarria da gertaera sozialak eta ekonomikoak gertaera politikoekin lotzeko egindako ahalegina, garrantzi handikoa geratu zena historiografia diziplina zientifikotzat hartzeko orduan. Sari eta aipamen ugari jaso zituen. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko doktore honoris causa izendatu zuten, Julio Caro Barojarekin batera. Lanik aipagarrienak: Espagne (1955, Espainia); From Incans to Indios (1956, Inkengandik indiarretara); El movimiento obrero en la historia de España (1962, Langile higikundea Espainiaren historian); Introducción a la historia del movimiento obrero (1965, Langile higikundearen historiari buruzko sarrera); La España del siglo XX (1965, XX. mendeko Espainia); La Segunda República (1976, Bigarren Errepublika); España bajo la dictadura franquista (1980, Espainia Francoren diktadurapean). Halaber, Historia de España (Espainiako Historia) lan erraldoiaren zuzendaritza hartu zuen bere gain. Obra horretako hamar tomoetako bi berak idatziak dira: La Segunda República (1976, Bigarren Errepublika) eta España bajo la dictadura franquista (1980, Espainia Francoren diktadurapean).