Tula
Mexikoko hiria, Tamaulipas estatuan. 1.173 metroko garaieran dago eta 3.517 km2 ditu. Nekazaritza (laboreak, barazkiak eta fruituak), abere hazkuntza eta eskulangintza dira hango ekonomia jarduera nagusiak. v Mexikoko antzinako hiria. Iparraldetik eta Teotihuacan hiritik etorritako toltekek sortu omen zuten 856an. Apaiz aristokrazia batek izan zuen aginpidea mende t’erdi bitartean; garai horretan Quetzalcoatl jainko bakezalea gurtzen zuten, giza sakrifizioak debekatzen zituena. Baina 999ean kanpoko osteak etorri eta Tezcatlipoca jainko gerrazalea, giza sakrifizioak eskatzen zituena, ezarri zuten jainkotzat. Orduan gerrarako gizarte antolamendua nagusitu zen eta Tularen eragina erdiko ordokian barrena zabaldu zen, harik eta 1168 inguruan Tula gainbeheran hasi zen arte. 1941ean hasi ziren Tulako aztarnen indusketak. Hirigunea muino baten inguruan dago; muino gainean plaza handi bat dago, jauregiz, tenpluz eta pilotaleku batez inguratua. Tlahuizcalpantecuhtli jainkoaren tenplua edo Goizeko Izarrarena da eraikin nagusia. Garrantzi handikoak dira baita ere “Coatepantli” edo sugeen horma, erlijiozko ospakizunak egiteko lekua, giza bihotzak jaten ari diren animaliak irudikatzen dituzten behe-erliebeak eta Chac-mool estatuak.