Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Treviso

Italiako iparraldeko hiria eta izen bereko probintziako (2.477 km2 eta 738.905 biztanle) hiriburua, Venetoko eskualdean, Sile eta Botteniga ibaien bilgunean. 90.945 biztanle. Apezpikutegia. Nekazaritza eremu oparoko merkataritzagune garrantzitsua da eta, horrekin batean, industria (janari industria, ehungintza, artisautza, papergintza, kimika industria) da ekonomia jarduera nagusia. Monumentu ugari kontserbatu ditu Trevisoko hiri zaharrak: XIII. mendeko Trecento eta Pretorio jauregiak, Comune dorretxea, XV-XVI. mendeetako katedral erromanikoa eta XIII-XIV. mendeetako San Nicolo eliza. v Historia. Tarvisium hiri erromatarrari dagokio. Godoen mende egon ondoren, hungariarrek hustu zuten behin eta berriz. 1339. urtean Veneziako Errepublikaren esku zegoen eta XVI. mendean gotortu egin zuten. 1797. urtean frantsesek inbaditu zuten eta Napoleon I.aren agintaldian Tagliamentoko departamentuko hiriburua izan zen (1804). 1813-1866 urteetan Austriaren mende egon zen.