Trazia
(Turkieraz Trakya) Turkiako ipar-mendebaleko eskualdea, Egeo itsasoaren eta Itsaso Beltzaren artean, Grezia eta Bulgariako mugetan. Marmarako itsasoak eta dardanelos eta Bosforoko itsasarteek bereizten dituzte Trazia eta Asiako Turkia edo Anatolia. 23.764 km2 ditu eta 5.975.449 biztanle. Hiriburua, Istanbul. Bost probintzia hartzen ditu eta Turkiako eskualderik jendetsuena da. Laborantza (garia, garagarra, tabakoa, olibondoak, kotoia, fruitu arbolak), industria (ehungintza, eraikuntzarako gaiak, beiragintza, tabakogintza, automobilgintza, ontziolak, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak.