Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Transkei

Hegoafrikako hego-ekialdeko bantustana, Mozambikeko itsasartearen ertzean (Indiako Itsasoa), hiru lurraldek osatua. 41.620 km2 eta 2.520.000 biztanle (xosa hizkuntzakoak gehienak). Hiriburua, Umtata. Laborantza (tea, kafea, fruitu arbolak, lihoa) eta abere hazkuntza (behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. 1779tik 1879ra hedatu ziren xosen eta kolonialista europarren arteko gerren ondoren, 1879-1894 bitartean britainiarrek Transkeiko lurraldeak erantsi zizkioten Cape-ko koloniari. 1910ean, Hegoafrikako Batasuna aldarrikatu zenean, Esperantza Oneko Lurmuturreko zatia izan zen. 1959an, bantu biztanleak biltzea helburu zuen apartheid politikaren arabera, Transkei lehen homeland edo bantustan bilakatu zen. 1976an lurraldearen burujabetasuna aldarrikatu zuten, Nazio Batuek onartu ez zuena.