Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

transistore

iz. Osagai elektronikoa, seinale elektrikoak anplifikatzen, modulatzen eta eteten dituena. || Transistorez hornituriko irrati hargailua.  v  Transistorea Estatu Batuetan asmatu zen 1947. urtean, Bell Telephone Laboratories laborategietan. John Bardeen, Walter H. Brattain, eta William B. Shockley ikerleek osaturiko taldeak asmatu zuen. Zientzialari horiek 1956. urteko Fisikako Nobel saria jaso zuten asmazio horregatik. Transistore batek huts-hodi edo huts-balbula elektrikoaren eginkizun gehienak betetzeaz gainera, lehen erabiltzen zen tresna horrek ezin egin zitzakeenak ere egiten ditu. Transistorearen abaintalen artean aipagarriak dira, besteak beste, haren neurri txikia, pisu arina, bizitza luzea, eraginkortasun handia zein indar kontsumo txikia. Transistorearen asmakizunak errotik aldatu zuen zirkuitu elektronikoen ekoizpena, zirkuitu horien tamaina eta askatzen duten beroa arras txikitu eta gutxitu baita. Transistoreak besteak beste, telebista eta irrati hargailuetan, hi-fi ekipoetan, entzuteko aparatuetan eta sateliteetan erabiltzen dira. 1970 ondoko urteetan zirkuitu integratuek hartu zuten transistore banakoen lekua; zirkuitu horietan, hainbat transistore eta bestelako osagai elektroniko izaten dira gai erdieroalezko geruza fin batean itsatsirik.  v  Transistorearen oinarrizko osagaia gai erdieroalezko pieza bat da; gai erdieroaleek metalek eta bakartzaileek dutenaren artekoa izaten dute eroamena. Germania eta silikona dira gehien erabiltzen diren gai erdieroaleak. Gai xahuari xahuak ez diren gaiak eransten zaizkie, eta horrek eragina izaten du elektroiak duten higitzeko ahalmenean, eta hala, forma zapala duen gailu bat eratzen da; gailu horren parte batean darion korronte ahula, beste parte batean darion korronte indar handiagoko bat kontrolatzeko erabil daiteke, hots, anplifikazioa lortzeko; lotura transistore deritzanaren ohiko egitura da hori. Lotura transistoreak hiru geruzaz osatuak izaten dira; erdieroale geruza horieknedo p motakoak izaten dira.nmotako erdieroaleetan elektroi aske edo karga negatibo gehiegi izaten direnez, karga negatiboak eroaten dituzte. p motako erdieroaleetan, berriz, elektroi eskasia, eta beraz, karga positibo gehiegizkoa izaten da eta, hutsune elektrikoak (karga positiboak) eroaten dituzte. n-p-n erako lotura duten transistoreek, p motako erdieroale geruza fin batek banatzen dituennmotako bi erdieroale geruzaz osatuak izaten dira; hiru geruza horiei igortzailea, oinarria eta hartzailea deritze, eta maizenik beira barruan zigilatuak izaten dira; geruza bakoitzetik hari bana ateratzen da kanpo aldera; hari horien bitartez lotzen da transistorea zirkuitu elektrikoarekin. Geruza horien potentzial elektrikoa aldez aurretik finkatzen da, eta geruza igortzailearen eta oinarrizkoaren artean korronte ahul bat ezartzen bada, korronte hori igortzailearen eta hartzailearen artean gertatzen den korronte handitu bat emanez aldatzen da; korrontea anplifikatu egiten da, alegia. Transistore horietan, aldeak alde, hartzaileak huts-hodi termoionikoetan anodoak egiten duen lana egiten du, igortzaileak, berriz, katodoanera, eta oinarriak (p geruzak, alegia) kontrol sarearena. p-n-p, gisako lotura transistoreetan, berriz,nerako gai erdieroalezko geruza fin bat p erako bi erdieroaleren artean izaten da; transistore horiek lehen aipatuen era berean lan egiten dute; polaritatea, ordea, kontrakoa izaten da.