Toyota
Japoniako automobil fabrikatzaile handiena eta munduko handienetako bat. Toyotaren sortzaileak, Toyoda familiak, ehundegiak fabrikatzen zituen hasieran. 1935ean, ehundegiak utzita, Toyota etxeko lehen autoaren produkzioa hasi zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren indar handia hartu zuen enpresak. 1955ean Crown autoa merkaturatu zuen, baina eskariak urriak ziren oraindik Japonian, eta kanpora esporatzen hasi zen. Hala ere, autoak ez zuen harrera onik izan ez Estatu Batuetan ez Europan. 1960tik aurrera, baina, izugarri handitu ziren esportazioak, hiru auto motatan oinarriturik: Crown, Publica eta Corolla. Aipagarriak dira, halaber, Celica cupé-aren bertsioak eta edozein lekutatik ibiltzeko gai ziren Land Cruiser-ak. Enpresak etengabeko hazkundea izan zuen hurrengo hamarraldietan, munduko hirugarren fabrikatzaile nagusia izatera heltzeraino.