Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Toskana

Italiako iparraldeko eskualdea, Apenino mendien eta Tirreniar Itsasoaren artean. 22.991 km2 eta 3.578.454 biztanle (1991). Hiriburua: Florentzia. Bederatzi probintzia ditu: Arezzo, Florentzia, Grosseto, Livorno, Lucca, Massa-Carrara, Pisa, Pistoia eta Siena. Toskanako biztanle gehienak Arnoko haranean bizi dira. Nekazaritza (mahatsondoak, olibondoak, azukre erremolatxa, barazkiak eta laboreak) eta industria (kimikoa, burdingintza, ehungintza, altzariak eta papergintza, besteak beste) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Orografia. Toskanako iparraldean Apenino mendiak (Tosco Emiliano Apeninoak) daude, eta Succiso mendia (2.017 m) da bertako gailurrik garaiena. Apeninoetako mendien artean, haranak eta ibai arroak dira; Magrako harana, Lunigliana ibaiaren arroa, Garfagnana ibaiarena eta Arno ibaiaren goi ibilguaren arroa. Hegoaldean, Arno ibaiaren beheko ibilguaren harana dago, Toskanako nagusia dena. Kostaldea apala eta hareatsua da eta tartean labar batzuk dira; itsasertzean uharte ugari dira. Toskanako klima mediterranearra da, oro har, mendialdean izan ezik. Arno eta Ombrone ibaiek eta horien adarrek eratzen dute Toskanako hidrografia sarea. v Historia. Etruriarrak bizi ziren bertan eta K.a. IV. mendean erromatarrak jabetu ziren eskualdeaz. XII. eta XIII. mendeetan errepublika txikietan banatua egon zen; XVI. mendean medicitarrek, Florentziako dukeek, errepublika haiek guztiak batu zituzten. Gero, Lorenaren mende egon zen Austriako inperioaren barruan eta 1801-14. urteetan frantsesen mende. Azkenean, 1860an, Italiaren barruan geratu zen.