Tosani, Patrick
Frantses argazkilaria (Boissy-l‘Aillerie, 1954). Tosaniren koloretako lanen helburu nagusia errealitatearen berri ematea da, eta horretarako erabiltzen dituen gaiak hauek dira: zapata orpoak, koilarak, danborrak, eskuak, hankak, haragi puskak, hogi mamia. Tosaniren lehenengo lanek, 1980ko hamarraldiaren hasierakoek, gauzen begirada zuzen eta hutsala adierazi nahi dute, eta haren asmoa da argazkilaritzaren baliabide objektiboenekin lan egitea: zehaztasuna, ikuspegien aurrealdea, kolorea, argitasuna, handitzea. Parametro horiek espazioaren eta eskalaren arazoa definitzen laguntzen diote, eta horixe da Tosaniren lanaren ezaugarrietako bat. Eskala joko horiek txikitik handira doaz beti, gertu-gertutik ateratako eta izotz koskorretan sartutako irudi txikietan bezala (menditarra, eskiatzailea, dantzaria). Baina ondoren formato handiko argazkietara jo zuen, Talons (1987) sailean esate baterako. Azken horretan emakumezkoen zapata orpoak agertzen dira, bi metrorainoko luzerakoak. Géographies (1988) sailean oraindik garbiago erakusten du espazioaren garrantzia. Bestalde, Tosaniren irudi gehienetan denbora da gai nagusia. Igaro den denbora ez da soilik paperean betiko adierazten den une jakin bat, objektuetan eragina izan duen denboraren joana ere bada. La Pluei seule (1986, Euria bakarrik) sailean euriaren argazkiak bildu zituen. Objektuengan egindako lanari dagokionez, Tosanik ardura handia izan zuen objektuen ehundura, islak eta koloreak adierazten. Horretarako, ukimen balioak ematen saiatu zen, batez ere gizaki buruak goitik erakutsiz, oso hurbiletik eta ia aurpegia ikusten ez dela, etab. Portraits sailean (1984-1985), berriz, aurpegien argazki nahasiak agertu zituen Braille paperaren gainean.