Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

toponimia

iz. (Eskualde edo hizkuntza bateko) leku izenen multzoa, toki izendegia.  v Leku izenen taxonomiazko ikerketa, etimologia, historia eta geografia informazioa kontuan hartuta egiten dena. Geografia lekuak, hala nola herri, ibai edo mendiak adierazteko, izendatzeko edo ezagutzeko erabiltzen den hitza edo hitzak dira leku izenak. Bi dira toponimiaren sail nagusiak: biztanleak dituzten lekuen izenaz (herri, hiri, auzoetakoak…) arduratzen dena bata, eta izadi izenak (ibai, mendi, leizezulo, ibarren izenak…) biltzen eta aztertzen dituena bestea. Toponimiak hitzen jatorria eta garapena aztertzen duen jakintzarekin (etimologia) harremanak ditu eta leku izenaren historia eta geografia ere arduratzen da. Izan ere, azken alor hori alde batera utzi da askotan, eta garrantzi handiagoa eman zaie etimologia azterketei. Bestalde, leku izenak hizkuntza batean baino gehiagotan izan duen erabilera aztertu ohi du toponimiak, eta horretarako hizkuntza batetik bestera egin diren fonetika aldaketak eta idatzizko aztarnak ikertu ditu. Hizkuntza bateko hiztunak leku izena entzun bezala bereganatu eta egokitu ohi du bere hizkuntzaren fonetikara, eta bide horretatik ere aldaketak sortu dira hitzetan. Itzulpena ere erabili izan da leku izenak hizkuntza batetik bestera aldatzeko (adibidez, Ategorrieta, Donostiako auzoaren izena Puertos Colorados-en itzulpena da). Toponimiak informazio garrantzitsua eskaintzen du lekuen historiaz, biztanleen antzinako hizkuntzaz, biztanleen banaketaz, lekuaren erlijioaz, folkloreaz, jendearen bizimoduaz, eta abar.