Tomás y Valiente, Francisco
Espainiar legelaria (Valentzia, 1932 - Madril, 1996). Ikasketak amaitu ondoren, Valentzia eta Madrileko zuzenbide fakultateetako irakasle laguntzaile izan zen, 1956 eta 1963. urte bitarteetan. 1964an zuzenbide historiako katedra lortu zuen, La Lagunako Unibertsitatean, Tenerifen. Hurrengo urtean Salamancara aldatu zen eta hamasei urtez aritu zen han. Jarduera politiko biziko urteak izan zituen, eta katedra galtzeko zorian izan zen, unibertsitatearen autonomiaren aldeko idazki bat izenpetzeagatik. 1979an Madrila aldatu zen, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradun gisa. Auzitegi Konstituzionala sortu zeneko lehen kideetako bat izan zen, eta lehendakari 1986ko martxoaz geroztik. 1989an Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak, aho batez, lehendakari hautatu zuen berriro, eta 1992an Miguel Rodríguez Piñeirok hartu zuen haren lekua. Berrogeitik gora lan idatzi zituen aldizkari eta talde liburuetan. Lanik aipagarrienak: El derecho penal en la monarquía absoluta (1969, Monarkia absolutuaren zuzenbide penala); El marco político de la desamortización en España (1983, Desmortiazioaren marko politikoa Espainian); Manual de Historia del Derecho español (1986, Espainiako Zuzenbidearen Historia Eskuliburua). 1996an hil zuen ETAko kide batek Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide fakultatean.