Tokutomi Soho
Japoniar historialaria, kritikaria eta kazetaria (Tsumori, Kumamotoko prefetura, 1863 - Atami, 1957). Mendebaleko moldeetan oinarritutako hezkuntza izan zuen eta kazetaritza lanetan murgildu zen gero. 1887. urtean argitaletxe bat sortu zuen, eta urte berean Kokumin no tomo (Nazioko Lagunak) egunkaria. 1890. urtean urte askotan Japoniako egunkari hedatuena izango zen Kokumn Shimbum (“Nazioa”) kaleratu zuen. Japoniaren modernizazioaz kezkatua agertu zen Shorai no Nihon (1886, Japoniaren etorkizuna) obran; mendebaleko molde liberalak eta berrikuntza demokratikoak nahi zituen Japoniarentzat. Hurrengo urteetan, ordea, Japonia inperialaren alde agertu zen eta 1920-1930 urteetan Japoniako hizlaririk ospetsuenetakoa izan zen. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean etxetik ez irteteko zigorra ezarri zioten Estatu Batuek. Tokutomiren Kinsei Nihon Kokuminshi (1918-1946, ehun liburuki; Japoniarren historia garai modernoetan) obra erraldoiak Japoniako 1534-1900 urteetako historia biltzen du.