Tokugawa
Japoniako aitonen seme familia, hirugarren eta azken shogun agintaldiari izena eman ziona (1603-1867). Minamoto klaneko Tokugawa Ieyasu (1542-1616) izan zen shogun aldi honen sortzailea. Administrazio hiriburua Edon (gaurko Tokion) ezarri zuen eta hargatik Edoko shogun aldia ere deitu izan da. Ieyasuk lurralde osoa bere agintepean ezarri zuen eta daimyo edo jaun feudalen gaineko kontrola bermatu zuen. Gerokoan, 1635etik aurrera, daimyo-ek urteko zenbait hilabete Edon igaro behar zuten. Halako neurrien bidez, 250 urteko bakea eta egonkortasun politiko nabarmeneko aroa moldatu zuten. Barnealdean eta egonkortasuna bermatzearren, ordena soziala finkatu zen, gizartearen lau mailen –gudariak (samurai), nekazariak, eskulangileak eta merkatariak– arteko mugikortasuna debekatu zelarik. Kanpoaldera begira, bakartasun politikari eutsi zioten. Hala, Asian Espainiaren eta Portugalen hedapen koloniala misiolarien lanak ahalbideratua izan zela jakinik, shogunak misiolari guztiak egotzi zituen 1630ean emandako hiru dekreturen indarrez. 1633tik japoniarrei debekatu zitzaien herrialdetik ateratzea eta atzerriarekiko harreman bakarrak (Txinarekin eta Holandarekin) guztiz mugatuak ziren. Tokugawa aldiko azken 30 urteetan nekazarien matxinadek, samuraiek eraginiko nahasmenduek, finantza arazoek eta mendebaleko estatuen presioak arriskuan jarri zuten errejimena. 1867an, azkenik, Meiji enperadorearen goreneko agintea onartua eta berrezarria izan zen herrialde osoan.