Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tlacaelel

Azteka inperioko erlijio eta politika aholkulari nagusia 1442-1486 bitartean (Tenochtitlan, 1398 - Tenochtitlan, 1486). Enperadore izan ez zen arren, berebiziko eragina izan zuten azteken inperioan berak hartutako neurriek. Huitzilihuitl erregearen semea zen eta inperioko ciuhacoatl edo aholkulari nagusi izendatu zuen Itzcoatl osaba enperadoreak (1427-1440). Aztekek konkistan harturiko herrien historia eta kronika liburu guztiak erretzeko agindua eman zuen, inork azteken bidea eragozteko biderik izan ez zezan, eta azteka herriaren beraren kronikak errearazi zituen ondoren; gero, Huitzilopochtli edo Eguzki jainkoak aukeraturiko herriaren, azteka inperioaren, patu sakratua aurkeztu zuen. Berak zehaztu zituen azteken inperio teokratikoaren oinarriak.