Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tiziano

(Jaiotza izenaz Tiziano Vecellio). Italiar pintorea (Pieve di Cadore, 1488 edo 1490 - Venezia, 1576). Berpizkundeko pintura maisu nagusietako bat, handiena batzuen ustez, izan zen Venezian. Bederatzi urte zituela jarri zen Venezian bizitzen eta Gentile Bellini-ren lantokian ikasi zuen ondoren. Hala ere, Giovanni Bellini eta Giorgione izan zituen benetako maisu. Giorgionerekin hasi zen lanean eta hura hildakoan (1510) Tizianok bukatu zituen Giorgionek amaitu gabe utzi zituen lan batzuk, Venus lotan eta Zelaiko kontzertua. Lehen garai hartako lanek, Paduako Scuola-ko horma-pinturak, Egiptoko ihesaldia eta Amodio santua eta giza amodioa, Giorgione-ren eragin nabarmena dute. 1516an Veneziako errepublikako pintore izendatu zuten eta urte hartan bertan berealdiko arrakasta izan zuen Jasokundea koadroaz. 1518tik aurrera sentsualismoz eta kolore beroez landuriko mitologia gaiak aurkeztu zituen, Bacanal, Baco eta Ariadna. Ez zituen hala ere beste molde bateko lanak eta erlijio giroko gaiak aldera utzi: Madonna Pessaro (1519-1526) eta Ehorzketa (1525). 1530. urtean, Karlos V.a Alemaniako enperadorearen koroatze ospakizunean egon zen Bolonian, eta handik aurrera enperadorearentzat lan egin zuen. Hiru urte geroago Karlos V.aren gorteko pintore izendatu zuten, eta noblezia titulu bat eman zioten. Hurrengo hogei urteetan erretratu ugari egin zuen Italiako hiri nagusietan eta Augsburgo-ko gortean: Urbino-ko dukea (1536-1538), Karlos V.a Mühlberg-eko guduan (1548), Paulo III.a eta semeak (1546), Filipe II.a (1551). Erretratu horietan maisutasun handia erakutsi zuen pertsonaien nortasunera hurbiltzerakoan. Bestelakoak ziren, ordea, erlijio eta mitologia gaietako koadroak; gaztetako ugaritasun naturalista hura baztertuta, bihurriagotu egin zitzaizkion marrazkiak heldutasun urteetan, estilo manieristaren eraginez. 1551. urtean, Venezian jarri zen bizitzen eta gero eta gehiago landu zituen koloreak, eta askatasun handiagoz. 1554-1562 bitartean Feilipe II.a Espainiako erregearentzat lan egin zuen (Danae urrezko euripean, Europaren bahiketa); bizitzako azken urteetan pintzelkada lodiez eta, askotan, pinturaz igurtziriko behatzen ukituez eratu zituen lanak, eta geroago inpresionistek erabili zituzten tekniken aitzindari izan zen: Ehorzketa, Arantzazuko koroaren ezartzea eta Pietatea, Palma Gazteak, Tizianoren ikasleak, bukatu zuen obra.