Thomas, Hugh
Britainiar hispanista (Windsor, 1931). Historiako ikasketak egin zituen, Britainia Handian eta Frantzian. 1954an Kanpo Arazoetako ministerioan lanean hasi zen. 1955ean Espainian izan zen lehen aldiz, eta Espainiako Gerra Zibilari buruzko ikerketak egiten hasi zen. Sei urte geroago, Espainiako Gerra Zibila argitaratu zuen. Espainian 1976an argitaratu zen lehen aldiz. Kanpo Arazoetako ministerioa utzita, 1956-1976 bitartean historia irakasle izan zen Readingeko Unibertsitatean, eta 1979. urteaz geroztik historiako katedraduna izan zen Europar Ikasketetako Unibertsitate Eskolan. 1957an Sandhurst-eko Errege Akademia Militarreko irakasle izan zen. Halaber, 1979. urtetik aurrera, Ikasketa Politikoetako Zentroko lehendakari izan zen. 1974. urtea arte Alderdi Laboristako kide izan zen, eta Lehen ministro Harold Wilsonen laguntzaile izatera iritsi zen. 1977an Alderdi Kontserbadoreko kide egin zen, lord Carringtonen aholkulari izan zen eta Lehen ministro Margaret Thatcherren hispaniar gaietarako aholkulari. Alberto Oliart espainiar ministro ohiarekin batera Anglo-Hispaniar Tertuliak antolatu zituen, Britainia Handia eta Espainiako politika, ekonomia eta kulturari buruzko eztabaidagune gisa. 1984an bere lehen eleberri historikoa argitaratu zuen, XVIII. mendean Habana okupatzera joandako britainiar espedizio bati buruzkoa: Havannah. 1992an, Sevillan, Mendebaldearen Aurkikuntza sinposiuma antolatu zuen, eta Mediterraneoa eta Amerika liburu katalogoaren idazketan parte hartu zuen, Ameriketako Aurkikuntzaren Bosgarren Mendeurrena ospatu zenean. Bere obra oparoan aipagarriak dira, beste liburu askoren artean, Conquest: Montezuma, Cortes and the fall of Old Mexico (1994, Konkista: Moctezuma, Cortés eta Mexiko Zaharraren gainbehera) eta La trata de esclavos. Historia del tráfico de seres hummanos de 1440 a 1870 (1998, Esklaboen salerosketa. Gizakien salerosketari buruzko historia 1440-1870 bitartean), gai horiez idatzi diren libururik onenetakotzat hartuak. Beste zenbait lan aipagarri: The Suez affair (1967, Suez-ko auzia); Cuba o la lucha por la libertad (1971, Kuba edo askatasunaren aldeko borroka); Goya y el tercero de mayo de 1808 (1973, Goya eta 1808ko maiatzaren hirua); The Cuban Revolution (1977, Kubako Iraultza); An Unfinished History of the World (1979, Munduari buruzko Historia amaitugabea); Los comienzos de la guerra fría (1945-46) (1989, Gerra hotzaren hasiera [1945-1946]); The Traveller's Companion to Madrid (1988), Madrili buruzko gida bidaiarientzat.