Thököly, Imre
Hungariar politikaria (Kesmark, 1657 - Izmit, 1705). Hungariar protestanteen buruzagia izan zen Austriako Habsburgotarren aurka. Familia aberats batean sortu zen. Hamahiru urte zituela, Habsburgotarren aurkako matxinada batean parte hartu eta Trantsilvanian babestu behar izan zuen, aita hil ondoren. Gudaroste bat antolatu zuen Hungaria askatzeko. Luis XIV.a Frantziako erregearen aliatua izan zen 1677 arte eta turkiarrena ondoren. Hungariako errege izendatu zuten turkiarrek, eta haien alde egin zuen Vienako setioan. 1697an, Eugenio Savoiakoa Zenta-ko guduan nagusitu zenean, turkiarren lurretara ihes egin zuen eta Ilona emazteak jarraitu zuen borrokan. Trantsilvaniak autonomiari eutsi zion eta hango printzea Hungariako errege izan zen.