Thévenet, Bernard
Frantses txirrindularia (Saint-Julien-de-Civry, 1948). Frantziako Itzulia bi aldiz irabazitakoa, 1975 eta 1977. urteetan, hain zuzen. 1970. urtean egin zen ezagun, Tourmaleteko etapan, Frantziako Itzulian lehen aldiz parte hartu zuenean. 1973an, Frantziako txapelketa irabazi ondoren, bigarren geratu zen Frantziako Itzulian, Luis Ocaña espainiarraren atzetik. Hurrengo urtean ezin izan zuen Itzulia amaitu, eta 1995. urtea arte itxaron behar izan zuen munduko txirrindularitza proba inportanteena irabazteko eta Eddy Merckx belgikar txapeldunaren nagusitasunari amaiera emateko. 1977an berriro irabazi zuen, Hennie Kuiper holandarraren eta Lucien van Impe belgikarraren aurretik. Egun bakarreko zenbait proba irabazi zituen eta bosgarren geratu zen 1974ko munduko txapelketan. 1972ko Romandiako Itzulia eta 1975 eta 1976ko Dhauhpiné Libéré ere irabazi zituen. 1981ean utzi zuen txirrindularitza. 1996an Frantziako selekzioaren entrenatzaile izendatu zuten, munduko txapelketarako.