Thesiger, Wilfred
Ingeles esploratzailea (Addis Abeba, Etiopia, 1910 - 2003). Aita Addis Abebako britainiar legioaren arduraduna zuen, aitona Chelmsford jenerala, eta osaba Indiako erregeordea. Zortzi urte zituela, familiarekin Ingalaterrara joan zen. Eskolan ez zioten oso harrera ona egin eta bera ere ez zen inoiz ongi moldatu. Hogei urte zituela, Etiopiako enperadorearen koroatze ekitaldira gonbidatu zuten, eta ekitaldiaren ondoren bertan geratzea erabaki zuen. Hogeita hiru urterekin espedizioa antolatu zuen danakil herriaren lurraldera, Etiopiako ipar-ekialdeko alderik basatienera. Espedizioan Awash ibaia aurkitu zuen. 1935ean Sudango administrazio zerbitzuko lanpostu bat onartu zuen eta Darfureko barrutian bizi izan zen. Artzainen eskariz, piztiek abelburuak hiltzen baitzizkieten, ehizan hasi zen, eta bost urtean 70 lehoi hil zituen. Han egon zen denboraldian Libiako basamortura sartu zen zenbait aldiz, hainbeste miresten zuen nomada bizitza ezagutzera. Bigarren Mundu Gerran, Patriotsekin batera –Etiopiako gerrilla– Etiopia italiarren mendetik askatzea lortu zuen. Aurrerago, Sirian, zalduneria gudaroste bateko buruzagitza eman zioten, eta Egipton, britainiar eliteko aire armadan sartzea lortu zuen. Gerraren ondoren, Omanen, larrapote izurritea ikertzera joandako talde batean sartu zen, eta beduinoekin bizi izan zen bost urtez. 1946an, rajid leinuko gizon talde baten buru, Arabiako hegoadeko hareazko basamortu handia zeharkatu zuen. Basamortua zeharkatzen zuen hirugarren europarra izan zen. Aurretik, 1917an H. Sant John Philbyk eta 1930ean Bertran Thomasek zeharkatu zuten. Irakeko paduretako arabiarrak eta Kenyako sanburuak ere ezagutu zituen. Bidaia horien guztien kontakizuna hiru liburutan argitaratu zuen: Arabiako padurak; Kenyako egunak; eta Arabiako hareak.