Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ternua

Kanadako ekialdeko probintzia, izen bereko uhartea eta Labrador penintsulako ipar-ekialdea hartzen dituena. 405.720 km2 eta 573.000 biztanle. Hiriburua: Saint John’s. Hiri nagusiak: Corner Brook, Gander eta Gosse Bay.  v  Orografia, hidrografia eta klima. Ternuako uharteak 108.860 km2 ditu. da. Uhartea, Ipar Amerikako Appalatxe mendien ipar-ekialdeko luzapena dena, mendebaletik ekialdera makurtutako goi-ordoki bat da, antzina glaziarrek ebakitako ibarrak dituena; ipar-mendebalean Long Range mendiak ditu (800 m), San Jorge eta Badia Zuria bitarteko sakonune estu batek goi-ordokitik bereizten duena; kosta badiek, fiordoek eta penintsulek hautsia da, uharte txiki askorekin. Klima hotz hezea du (800-1.500 mm euri). Labradorko itsaslaster hotzak udaberria atzeratzen du, eta horrenbestez, udak laburrak eta hotz samarrak dira Ternuan, eta neguak, berriz, luzeak, hotzak, haizetsuak eta elurtsuak. Sorrera glaziar izandako aintzirak dira. Landarediari dagokionez, tundra da nagusi; baina iparraldeko eta mendebaleko itsasertzetik hurbil izeiak, urkiak eta astigarrak dira. Labradorko penintsulako ipar-ekialdeak Kanadako llur-krosko handiaren ekialdea hartzen du; kosta garaia eta fiordoek hautsia da, uharte txiki eta itsas hautsi askorekin. Iparraldean Torngat mendiak ditu (1.800 m) eta, erdigunetzat, Goose Badia, Melville aintziraren ertzean. Uhartearen eta penintsularen artean Belle Isle-ko itsasartea da.  v  Ternuako ekonomia arrantzan eta arrantzatik eratorritako industrian oinarritzen da gehienbat. Gehien harrapatzen diren arrainak bakailaoa eta, ondoren, sardinzarra, izokina, abakandoa, baleta eta itsas otsoa dira. Garrantzi handikoa dira halaber basoaren ustiapena eta horretatik eratorritako zurgintza eta papergintza, eta baita, mea baliabideen ustiapena ere: burdina, zinka, kobrea, amiantoa. Artzaintzak eta nekazaritzak hirugarren tokia hartzen dute ekonomian.