Teofrasto
(Gr. Theophrastos). Greziar filosofoa eta jakituna (Ereso, Lesbos uhartea, 372 - Atenas, K.a. 287). Aristotelesen ikaslea eta laguna zen. Benetako izena Tyrtamo zuen, baina Aristotelesek Theophrastos (“Hizlari Bikaina”) izena eman zion. Aristoteles hil zenean, haren lizeo edo filosofia eskolako ardura hartu zuen, eta filosofiako lan garrantzitsuak egin zituen. Ezagun egin zen bereziki Izaerak obrarengatik, La Bruyèrek frantsesera itzuli eta bere garaiko izaera eta ohituren arabera berritu eta argitaratu zuena. Obra ugari idatzi bazuen ere, botanikari buruzko bi lan baino ez dira osorik gorde: Landareei buruzko ikerketak (9 liburu), eta Landareen arrazoiak (6 liburu).