Tatum, Art
Estatu Batuetako jazz pianista eta musikagilea (Toledo, Ohio, 1910 - Los Angeles, 1956). Jazz pianista bikain eta miragarrienetako bat izan zen. 1928. urtean egin zuen aurkezpena irratian Speedy Webb-en orkestrarekin eta geroago, Mc. Kinney’s Cotton Pickers-ekin (1931), eta Adelaida Hall-ekin (1932). 1935-1937 urteetan talde txikietan lan egin zuen New York-eko eta Chicagoko kabaretetan, eta 1938. urtean Londresen. 1943. urtean hirukote bat sortu zuen S. Stewart eta T. Grimes-ekin batera. Disko asko grabatu zituen eta ospetsu bihurtu zen mundu osoan. Eragina izan zuen jazz pianistengan (Bud Powell, Lennie Tristano eta Oscar Peterson), baita jazz musikari ospetsuengan ere.