Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tàpies, Antoni

Kataluniar pintorea (Bartzelona, 1923). “Dau al set” mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen (1948). Miróren eragina izan zuen. Hasieran surrealismoa landu zuen, eta gero arte abstraktua lantzen hasi zen frantses pintoreen eraginez. 1950. urtean bere lehen erakusketa egin zuen Bartzelonan. 1953. urtean New Yorkera joan zen, eta bere obra ezagutzera eman zen Estatu Batuetan zehar. Nazioarteko erakusketa handietan hartu zuen parte. Pintura lanez gainera, aipagarria da bere lan grafikoa ere (grabatuak, litografiak, serigrafiak). 1979an Berlingo Akademiako kide hautatu zuten, 1981ean Frantziako arte ederretako urrezko domina irabazi zuen, eta 1984an Basileako Rembrandt saria. 1960. urteaz geroztik, pintura lanetan jarraitu badu ere eskultura lanetan jardun du gehienbat. Material ugari erabili ditu bere eskulturetan: brontzea (1987, Cruz anudada), zeramika (1988, Sillón con barra), aluminioa eta altzairua (1990, Silla y nube). 1990. urtean Tàpiesen fundazioa inauguratu zen Bartzelonan.