Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tantalo

iz. Kim. Gai bakuna (Ta; at.-z. 73; at.-m. 180,94). Taula periodikoan VB sailean kokatzen da. Tantalitan, fergusonitan eta beste mea bakan batzuetan agertzen da izadian. Ekeberg-ek aurkitu zuen 1802an Finlandiako mineral batean. Zilar koloreko metala da, 2.996 °C-tan urtzen da, eta bere trinkotasuna 16,6 g/cm3 da. Tantaloaren hautsa sukoia da. Alkali urtuan urtzen da, baina ez azidoan, azido fluorhidrikoan eta azido sulfurikoan izan ezik. Nahiko erreaktiboa da, eta beste gai bakun gehienekin eratzen ditu konposatu organikoak eta inorganikoak. Tantaloa lortzeko labe elektriko batean tantalo-potasio fluoruroa berotzen da eta ondoren sodioarekin erreduzituz lortzen den gaiaren elektrolisia egiten da. Bonbila elektrikoen harizpiak egiteko erabili zen lehen metala izan zen, wolframioa aurkitu baino lehenago. Korrosioarekiko erresistentzia handia izan behar duten tresnak egiteko (odontologian, eta kirurgian erabiltzen diren tresnak, adibidez), ebaketa lastertasun handia duten tresnak egiteko behar diren altzairuen osagai gisa, katalizatzaile eta korronte elektrikoaren errektifikatzaile gisa, zirkuitu elektronikoetan, huts hodiak egiteko eta abar erabiltzen da.