tango
iz. Argentinako dantza, bikoteka dantzatzen dena. || Dantza horretako musika eta letra. v Tango mota asko da: argentinarra, flamenkoa, antillarra, mexikarra, milonga, etabar. Argentinakoa Buenos Airesko auzune behartsuetan sortu zen XIX. mende erdialdean. XX. mendearen hasieran Buenos Aires osoan zabaldu zen eta Argentinako eredu bihurtu zen. Lehen Mundu Gerra hasi aurretik Europan hedatu zen arrakasta handiarekin. 2/4ko konpasean idazten da. Maitasun mina du gai nagusia, eta bertsoak edertasun handikoak izan ohi dira. Tango egile ospetsuak izan dira, besteak beste, E. Santos Discépolo, F. Canaro, A. Maler eta R. Sciamarella; eta kantariak, berriz, C. Gardel, R. Quiroga, A. Maizani, L. Lamarque eta C. Acuña. 1920. urtetik aurrera musikagile askok sarrarazi zuten tangoa beren lanetan: I. Stravinski, D. Milhaud, P. Hindemith, H. Haba, E. Krenek, C. Chávez-ek eta A. Piazzola, besteak beste.