Tafalla
Nafarroako erdialdeko udalerria (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean, Artaxona, Puiu eta Leotzeko barrutia; ekialdean, Donamartiri-Untz; mendebalean, Larraga, Berbintzana eta Arga-Miranda eta hegoaldean, Faltzes eta Erriberri. Garaiera, 426 m. 97,44 km2. 1999ko datuen arabera, 10.214 biztanle (tafallarrak). Zidakos ibaiak iparraldetik hegoaldera igarotzen du udalerria. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Gaur egun 820 dira euskaldunak eta ia-euskaldunak. Industria (janari industria, zapatagintza, makineria, eraikuntza, zurgintza, ehungintza, altzairugintza; langileen % 60) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, garraioak, administrazio bulegoak, banketxeak, eskolak; langileen % 35) dira ekonomia jarduera nagusiak. Inguruko herrietako jende asko joaten da langile Tafallara. Laborantzari (garia, garagarra, mahatsa) eta abere hazkuntzari (ardi azienda) emana dagoen jendearen kopurua ere garrantzitsua da (% 5). v Artea. Erdi Aroko egitura duen hiria da Tafalla. Aipagarriak dira gazteluaren hondakinak, Gendulaingo kondeen jauregia (Mencostarren jauregia, XVI-XVII. m.), Mariskalen jauregia (Cordon etxea, XVI. m.), Feriako markesaren jauregia (XVIII. m.), Faltzesko markesen jauregia, XV. mendeko jatorria duen Sosierra jauregia, Erdi Aroko jatorria duen Santa Maria eliza (XIII-XIV. mendeetako dorre gotikoa, XVIII. mendeko erretaulak, XVI. mendeko erretaula nagusia, XIV. mendeko hilobi gotikoa), XII. mendeko tenplu baten gainean eraikitako San Pedro parrokia (XVI. mendeko korua, XVIII. mendeko kanpandorrea, XVI. mendeko erretaula nagusia), XV. mendeko San Sebastian komentua (XX. mendean berritua, XVI. mendeko kaperak), XVII. mendeko Eskolapioen eliza (XVIII. mendeko kapera barrokoak), XVII. mendeko errekoletoen komentua (eliza barrokoa, hilobi errenazentista, XVI. mendeko erretaula, XVII-XVIII. mendeetako irudiak), San Nikolas ermita gotikoa (XII. m., XVIII. mende hasierako erretaula barrokoa), XVI. mendeko San Gregorio ermita (XIX. mendean berritua), XIX. mendeko San Jose ermita eta XIX. mendeko Plaza Berriko udaletxea (1860). v Historia. Arabiarrek eraikitako gotorleku baten inguruan sortu omen zen Tafalla. X. mendean Abd al-Rahman III.a Kordobako lehen kalifak suntsitu zuen. Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen eskutik jaso zuten tafallarrek, 1157. urtean, foruen bidez gobernatzeko baimena. Antso VII.a Azkarra (1206) eta Teodebaldo II.a (1256) Nafarroako erregeek baieztatu eta berretsi zuten foru hori. 1348. urteko izurriteak % 20ra murriztu zuen Tafallako biztanleria (824 familia-buru, 1330. urtean). 1423. urtean Nafarroako Gorteetan eserlekua eta botoa izateko eskubidea lortu zuen. Mende horretan bertan, jauregi handi bat eraikiarazi zuen Karlos III.a Nobleak, Karlos II.ak hasi eta Karlos III.ak berak bukatu zituen harresiek babestuta. Vianako printzea han bizi izan zen eta han eduki zuten preso (1451). 1636. urtea arte itxoin behar izan zuten tafallarrek Filipe IV.a Espainiko erregearen eskutik hiri gutuna eta Erriberriko merindadearekiko independentzia lortzeko. Independentziako gerra garaian Napoleonen osteen mende geratu zen (1808) eta hiria gotortu egin zuten urtebete geroago. Gregorio Cruchaga (1811) eta Espoz y Mina (1812-1813) gerrillariek berreskuratu zuten Tafalla baina gudu horietan suntsituta geratu ziren Leonor printzesak eraikiarazi zuen San Frantzisko komentua (1468) eta Karlos III.ak altxaturiko errege-jauregia. XIX. mendeaz geroztik hiri moderno bihurtzeko lehen urratsak eman ziren eta 1843. urtean argiteria publikoa jarri zen, 1856-1860 urteetan Plaza Berria zabaldu zen, 1860an burdinbidea eta 1866an hiria eta geltokia lotzen zituen Zidakos ibaiaren gaineko zubia. 1902. urtean Atanasio Mutuberriak Nafarroako lehen Laborarien Kutxa sortu zuen Tafallan.