Tábara Zerna, Enrique
Ekuadortar marrazkigilea (Guayaquil, 1930). Lehen mailako ikasketak Vicente Rocafuerte eskolan egin zituen eta lehenengo urteetatik erakutsi zuen Tábarak marrazteko zaletasuna. Hamabost urte zituela eskola arteko lehenengo saria irabazi zuen Hombre picado por mosquito lanarengatik. 1946an Arte Ederretako eskolan sartu zen, eta han Hans Michaelson alemaniarra izan zuen irakasle. 1950ean utzi zuen eskola eta zenbait hilabetez Esmeraldasen bizi izan zen, itsas giroak eta emakumeak marrazten, errealismo sozialaren bidetik. Garrantzizko lehenengo erakusketa Guayaquilen egin zuen 1951n. Lehen aldi horretako lanetan pertsonaia baztertuak agertzen dira batez ere, prostitutak adibidez. Velasco Ibarra presidenteak diru laguntza eman zion Espainiara ikastera joateko. Bartzelonan Antoni Tapies-ek zuzentzen zuen informalismoarekin izan zuen harremana. Garai horretako lanak pintura geometrikoaren mugak gainditzen ditu, baina alde batera utzi gabe bere jaioterriko tradizioekin lotura duten gaien bilaketa. Behin diru laguntza amaitu zitzaionean, altzari berritzaile gisa lan egin zuen Espainian eta ikasten jarraitu zuen. Hainbat erakusketa antolatu zituen Espainian eta Europan. 1960. urte inguruan, berak hala nahi gabe, Espainiako talde informalistako kidetzat hartu zuten. Urte horretan bertan, George Kasper suitzarrak (Lausanako arte galeria bateko jabea) bost urteko kontratua egin zion bere lanak bere galerian saltzeko. Hitzarmena onartu bazuen ere, berehala apurtu behar izan zuen, emaztea ez baitzen ohitzen Suitzako bizimodura. Washingtonen erakusketa bat egin ondoren, 1964an Guayaquilera itzuli zen. Hurrengo urtean erakusketa bat egin zuen Quitoko Ipar Amerikako zentroan. 1975ean Ekuador-eko banku nagusiak bere lan osoaren erakusketa bat antolatu zuen.