Taberna, Helena
Nafar zinemagilea (Altsasu). Irakasle ikasketak egin zituen. Irakaskuntzan hainbat urte eman ondoren, ikus-entzunezkoekin 1986an hasi zen lanean, Nafarroako Gobernuak Teknologia Berrien Koordinatzaile izendatu zuenean. Hainbat urte bideo didaktikoak sormenezko bideoekin, film laburrekin eta dokumentalekin tartekatu ondoren, 1994. urtean administrazioko lana utzi eta zinemagintzan murgildu zen erabat. Zinemari dagokionez, 87 cartas de amor (1992) eta Nerabe (1995) film laburrak, Alsasua 1936 (1994) eta Herrikolore (1996) bideoklipa zuzendu zituen, 2000. urtean Yoyes, lehen film luzea, estreinatu aurretik. ETAko buruzagi izan ondoren ETAk berak hil zuen Dolores González Katarain Yoyesen bizitzaren inguruko film horretan zuzendari, gidoigile eta ekoizle izan zen.