Suryavarman
Kanbodiako bi khmer erregeren izena. v Suryavarman I.a. Kanbodiako khmer erregea 1002tik 1050era (1050 inguruan hila). Khmer inperioa zabaldu (Mae Nam Chao Phraya eskualdea eta Laos hegoaldeko lurralde batzuk) eta bateratzea lortu zuen. Eraikuntza ugari egin zituen, monasterioak, tenpluak, ubide sareak eta Angkor hiriburua, besteak beste; Suryavarmanen garaian bukatu ziren khmer arkitekturaren erakusgarri nagusietakoak diren Phimeanakas eta Ta keo tenpluak. Suryavarman I.a budista zen, Mahayana eskolaren jarraitzailea, eta hari esker budismoa indartu zen khmerren artean. Haren agintaldiaren bakea eta oparotasuna izan ziren nagusi. v Suryavarman II.a. Kanbodiako erregea 1112tik 1150ra (1150 inguruan hila). 1113an eskuratu zuen Kanbodiako aginpide osoa eta bere agintaldiaren aurreko 50 urteetako bereizketak alde batera utzi eta inperioa bateratzea lortu zuen.