surrealismo
iz. Art. Frantzian Lehen Mundu Gerraren ondoren sortutako arte higikundea, automatismo psikikoaren bidez ordu arteko gizarte moldeak eta arte eta kultura balioak irauli nahi zituena eta XX. mendeko artean eta pentsaeran eragin handia izan duena. v Surrealista hitza Apollinaireren lan baten izenburuan agertu zen lehenengo aldiz: Les mamelles de Tirésias, drame surréaliste (1917, Tirésiasen titiak, drama surrealista). Surrealismoak dadaismoa du hurbileneko aitzindaria eta André Breton sortzaile eta bultzatzaile nagusia; Bretonek berak honela definitu zuen surrealismoa: “automatismo psikikoa, pentsamenduaren benetako funtzionamendua hitzez, idatziz edo beste modu batez adierazten duena, adimenaren inongo kontrolik gabe eta edozein kezka estetiko edo moral baztertuz”. Surrealistek ametsa, irudimena, grina, umore beltza eta erotismoa goraipatu zituzten, burgesiaren kulturaren eta indarrean zegoen ordenaren zapalkuntza era guztien aurka borrokatzeko. Aitzindaritzat zituen, besteak beste, Apollinaire, Baudelaire, Chateaubriand, Hugo, Jarry, Lautréamont, Mallarmé, Nerval, Novalis, Poe, Rimbaud, Sade, Swift eta Freuden psikoanalisiaren teoria. 1919an André Breton, Louis Aragon eta Philippe Soupault-ek Littérature aldizkaria sortu zuten. Hasieran surrealistak inkontzientea eta beronen adierazgarritzat jotzen zituzten ametsa, eromena, sukar-ametsa ezagutzeko eta haietaz baliatzeko bilaketan ari izan ziren; horretarako idazketa automatikoa landu zuten, adimena eta borondatea saihesten zituen bat-bateko etorria. 1921ean argitaratu zen joera horretako lehen idazlana, Bretonek eta Soupaultek idatzitako Les champs magnétiques (Eremu magnetikoak). 1924an Bretonek Manifestu surrealista idatzi zuen eta urte hartan bertan sortu ziren Bureau de recherches surréalistes (Ikerketa surrealisten bulegoa) eta La révolution surréaliste (Iraultza surrealista) aldizkaria, lehenengo alean suizidioari buruzko inkesta bat plazaratu zuena. Bizitza aldatu nahiak jarrera politikoak hartzera eraman zituen surrealistak; hala, 1925ean gutunak idatzi zizkieten Paul Claudel idazleari, Aita Santuari eta Dalai-Lamari; espetxeak irekitzea eta gudarostea desegitea eskatu zuten, eta Rif-eko gerraren aurka jardun zuten. Orduan hasi zituzten harremanak komunistekin eta orduantxe hasi ziren baita ere taldekoen arteko liskarrak: batzuek beren iraultza nahiaren ondoriotzat jotzen zuten militantzia komunista eta besteek surrealismoa arte sorkuntzari bakarrik zegokiola uste zuten. 1929an Bretonek Bigarren Manifestu Surrealista argitaratu zuen eta harekin bat ez zetozen kide asko higikundetik kanpora bota zituen: Artaud, Desnos, Vitrac, Picabia, Queneau, Prévert, Bataille… 1930ean surrealisten aldizkari berria argitaratu zen, Le surréalisme au service de la révolution (Surrealismoa iraultzaren zerbitzuan); Aragon, Eluard, Péret eta Breton alderdi komunistan sartu ziren, baina 1933ean Breton eta Eluard alderditik bota zituzten. Gerora, Bretonek estalinismoa gaitzetsi eta harremanak izan zituen Trotskirekin. 1938an nazioarteko erakusketa surrealista egin zen Parisen. Bigarren Mundu Gerrak surrealistak sakabanatu zituen eta surrealismoak behera egin zuen. Surrealismoaren eragina nabarmena da mendebaleko kulturan eta artearen alor guztietan. v Surrealismoa pinturan, literaturan eta zineman gauzatu zen batez ere. Pintura estilo jakin bat ez denez, pintore espresionistak, abstraktuak, errealistak, klasizistak bildu zituen, XX. mendeko margolari garrantzitsuenak: Hans Arp, Salvador Dali, Marcel Duchamp, Max Ernst, Paul Klee, René Magritte, Joan Miró, Francis Picabia, Pablo Picasso, Man Ray, Yves Tanguy. Idazle surrealisten artean hauek dira aipagarrienak: Louis Aragon, Antonin Artaud, Georges Bataille, André Breton, René Char, Paul Eluard, Benjamin Péret, Philippe Soupault. Luis Buñuel, Salvador Dalí, Jean Cocteau, Germaine Dulac, Jean Epstein, Man Ray zinemagileak ere joera hauen jarraitzaile izan ziren.